Ekonomia -

Sare-elektrikoa

Gatika eta Bordele urpetik lotzeko konexio elektrikoa 2 urte atzeratu da, 2027ra arte

Atzerapenaren arrazoia da proiektuaren jatorrizko diseinua aldatu behar izan dela, Capbreton inguruan, itsas hondoan aurkitu den ezegonkortasun bat dela eta. Lotura 280 kilometroko itsaspeko hodi baten bidez egingo dute.

Gatika eta Cubnezaisen arteko interkonexioaren grafikoa. Artxiboko irudia: EiTB
Gatika eta Cubnezaisen arteko interkonexioaren grafikoa. Artxiboko irudia: EiTB
Gatika eta Cubnezaisen arteko interkonexioaren grafikoa. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiaren eta Frantziaren arteko konexio elektrikoa, Gatikatik Bordelera doana, bi urte atzeratuko da hasierako epeekin alderatuta, Espainiako Sare Elektrikoaren (REE)  arduradunek astelehen honetan zehaztu dutenez. Aurreikuspenek diote 2025 eta 2027 urteen artean ipiniko dela lotura, eta, zerbitzua berriz, azken urte horretan abiatuko dela.

Espainia eta Frantzia Bizkaiko Golkotik lotzen dituen lotune hau bi herrialdeen arteko lehen itsaspeko interkonexio elektrikoa da, eta Frantziarekiko interkonexio-ahalmena handituko du egungo 2800 MW-etatik 5000 MW-ra. Konexioak 400 kilometroko luzera du Gatikako azpi-estazioaren eta Cubnezaiseko azpi-estazioaren artean (Bordeletik gertu), eta, gutxi gorabehera, 1950 milioi euroko aurrekontua du.

Arduradunek proiektua zein egoeratan dagoen azaldu dute gaur Bilbon egin duten agerraldian eta, besteak beste esan dute proiektuak izapidetze administratiboaren azken faseari ekin diola, eta, hortaz, jendaurreko informazioaren bigarren aldi bat hasi dela Bizkaian, 2021ean egindako lehenengoaren ondotik. Gaur-gaurkoz Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ingurumen-ebaluazioaren zain daude.

Juan Prieto proiektuaren zuzendariak zehaztu duenez, 2023an amaituko dira beharrezko izapideak, eta orduan kontratu nagusiak kudeatuko dira; aurreikuspenen arabera, 2024an hasiko dira lurreko zatiaren lanak eta kableen fabrikazio-prozesua, eta, instalatzen, berriz, 2025ean hasiko dira.

Proiektua atzeratzeko arrazoiez ere mintzatu dira arduradunak. Hala, azaldu dute Capbreton inguruan, itsas hondoan ezegonkortasun batekin egin dutela topo eta, ondorioz, proiektuaren jatorrizko diseinua aldatu behar izan dutela.

Prietok, Espainiako Sare Elektrikoaren Proiektuen zuzendari Ramon Granadino eta sozietatearen Euskadiko ordezkari Antonio Gonzalezekin batera, adierazi du interkonexioak energia berriztagarriaren integrazioa erraztuko duela, bi sistema elektrikoen eraginkortasuna eta lehiakortasuna areagotuko duela eta horniduraren segurtasuna indartuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Kantauri itsasoa albisteak Energia berriztagarriak Energia iturriak gaur