Ekonomia -

Elektrizitatea

BEZaren jaitsierak hilean 5 euro inguru aurreztea ekarriko du argindarraren fakturan

Etxebizitza batean batez besteko argindar kontsumoa orduko 3.500 kilowattekoa da. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarritako beherakadarekin 4-5 euro aurreztea posible izango da, hau da, 27 euro urtea bukatu arte. Larunbateko ezohiko Ministroen Kontseiluan onartuko dute neurria.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Argindarraren BEZaren jaitsierak ia 5 euroko aurrezpena ekarriko du, batez beste, hileroko fakturan

01:33

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak iragarritako BEZaren jaitsierak 5 euro inguruko aurrezpena ekarriko du argindarraren fakturan. Etxebizitza batean, batez besteko argindar kontsumoa orduko 3.500 kilowattekoa da. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarritako beherakadarekin 4-5 euro aurreztea posible izango da, hau da, 27 euro urtea bukatu arte.

Espainiako Gobernuak argindarraren gaineko BEZa % 10etik 5era jaitsiko duela iragarri du gaur goizean Sanchezek. Larunbaterako deituta dagoen ezohiko Ministroen Kontseiluan onartuko dute neurria.

Pedro Sanchezek Espainiako Kongresuko kontrol saioan eman du albistea, Gabriel Rufian ERCko diputatuari erantzunez. Hain zuzen ere, azken horrek inflazioaren etengabeko hazkundearen aurrean neurriak hartzeko eskatu dio.

Gainera, larunbatean, erregaien hobari polemikoak arreta bereganatuko du. Hiru sindikatuek ohartarazi dutenez, oraingoz ez dute grebarik deituko, "baina profesionalak garraio batzuk ukatzen hasi dira, merezi ez dielako".

Sindikatuaren arabera, garraioaren tarifak erregaien eta bidesarien gorakadari egokitu behar zatzaizkie.

Litroko 20 zentimoko deskontu orokorraz gain, profesionalei beste 20 zentimorekin laguntzea eskatu diote Estatu osoko garraiolari elkarteek Espainiako Gobernuari, baita kamioi bakoitzeko 1.250 euroko eta furgonetako 500 euroko laguntzak ere.

Autonomo txikien hitzetan, ostera, neurri horiek "petrolio konpainia handiek diru publikoaren kontura espekulatzen jarraitzeko partxeak baino ez dira".

Sanchezek gogoratu nahi izan du duela urtebete bera buru duen koalizio gobernuak elektrizitatearen BEZa % 21etik % 10era jaitsi zuela, eta, orain, % 5era murriztuko duela. "Horrekin, gure herrialdeko familiak babestuko ditugu", gehitu du.

Gabriel Rufian ERCko diputatuak Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio konpainia elektrikoei eta petrolio enpresa handiei zerga berezi bat ezartzea, orain arteko "partxeak eta txekeak" ez direla nahikoak iritzita.

Presidente espainiarrak, bere aldetik, kexak eta kritikak atzean uzteko eta Ukrainako gerrak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko Ministroen Kontseiluak larunbatean onartuko duen dekretua babesteko eskatu die ERCri eta gainerako talde parlamentarioei.

"Gobernu honek argi hitz egiten die herritarrei: Espainiako, Europako eta munduko inflazioaren jatorria Europaren atarian dagoen gerra da", adierazi du Sanchezek.

Halaber, Espainiako presidenteak erantzun du legegintzaldia hasi zuten bezala amaitzeko asmoa dutela: "Sufritzen ari diren familiak babestuz" eta "konkista, eskubide eta askatasunetan aurrera eginez", "heriotza duinerako eskubidea" aitortuz egin duten bezala.

Halaber, "Kataluniarekin elkarrizketa irekiz", autonomia-erkidego horretan bizi izandako "bizikidetza-krisiaren" ondoren, bereziki 2017 eta 2019 artean, eta "justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako hazkunde ekonomiko sendoagoa bultzatuz".

Argindarraren BEZaren beherapen metatuak 600 milioiko kostua izango du hiruhileko honetan

Argindarraren BEZaren jaitsiera metatuak 600 milioi euroko kostua izango du hiruhileko honetan, Ogasun Ministerioaren kalkuluen arabera, % 5eraino jaitsi ondotik.

Argindarraren ordainagiri elektrikoari eragiten dioten zerga-neurrien kostua, argindarraren gaineko zerga berezia jaistea eta argindarra sortzearen gaineko zerga etetea barne, 1.800 milioikoa da hiru hilean behin.

Neurri hori Gobernuak larunbatean onartuko duen krisiaren aurkako dekretuaren hiru hilabeteko luzapenean sartuko da, eta "zalantzarik gabe" argindarraren ordainagiria merkatzen lagunduko du, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez.

Monterok adierazi duenez, elektrizitatearen BEZaren jaitsiera hori posible da Europako zuzentarau berri batek ahalbidetzen duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Espainia KPI Pedro Sánchez albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Elektrizitatea albisteak Gasaren krisia Europan Erregaiak