Ekonomia -
LAN GATAZKA
Lanuzteak deitu dituzte gaur Bilboko metroan puntako orduetan
Lanuzteak 07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara izango dira. Semaf sindikatuak grebara deitu ditu Metro Bilbaoko 200 makinistak.
agentziak | eitb media
Bilboko metroan bigarren lanuzte eguna dute gaur makinistek. Semaf sindikatuak deituta, beren jarduna etengo dute 07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, lan hitzarmen berria eskatzeko. Gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak izango dira.
Asteazkeneko lehenengo lanuzteak "jarraipen handia" izan zuen, "% 90eko parte-hartzea", sindikatuen arabera. Besteak beste, langileek konpainiako zuzendaritzari eskatzen diote "ezartzen ari den low cost eredutik ihes egiteko eta gidari-kolektiboaren segurtasunaren eta profesionalizazioaren alde egiteko".
Ekainaren 29an eta uztailaren 1ean ere errepikatuko dituzte lanuzteak (07:00ak eta 09:00ak bitarte, eta 19:00ak eta 21:00ak bitarte); baita uztailaren 7an, 8an, eta 9an ere (19:00etatik 21:00ak arte); eta uztailaren 13an zein 15ean (07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara).
Atzo, Jose Javier Bleda Semaf Trenbide Autonomikoen idazkariak adierazpen batean salatu zuenez, "egonezin handia dago Metro Bilbaoko makinisten artean. Alde batetik, enpresak hirugarren munduko neurriak ezarri nahi ditu, esate baterako, edozein unetan makinista ez den pertsona batek tren bat gidatzea, plantilla murrizketa ekarri duen kudeaketa txarra arintzeko". "Aire-esparruan, hegazkineratzeak egiten dituen langile bati bat-batean hegazkina eramateko eskatuko baliote bezala da, piloturik ez dutelako", ohartarazi zuen.
Beste alde batetik, konpainiari egotzi zion "hurrengo hitzarmena behar bezalako oinarririk gabe ixten saiatzen" ari dela. "Izan ere, beste konpainiei atsegin ematen jarrai dezakete prebendekin, baina makinistok eskatu ditugun neurririk eman ezean, protestak denboran luzatuko dira".
Ezarritako Zerbitzu Minimoak errespetatuz ari dira makinistak grebarako oinarrizko eskubidea gauzatzen, erabiltzaileek trenez lekualdatzen jarraitzeko aukera izan dezaten, lanuzte egun batek ekar ditzakeen eragozpenekin bada ere, sindikatuak baietsi zuenez.
Dena den, "enpresaren jardunbide desegoki zehatzei" buruzko informazioa biltzen ari da Semaf; izan ere, Metro Bilbao "grebaren jarraipena eta horren ondorioak disimulatzera bideratuta dago, zerbitzu minimoen agindua faltsutuz".
Sindikatuaren aburuz, enpresak "zentzuz jokatu behar du, eta araudian neurri berriak jaso, kolektiboaren profesionalizaziorako, horren arduren aintzatespenerako eta makinisten eskuduntzak, eskubideak eta betebeharrak definitzeko".