Ekonomia -
Laneko istripuak
Langile bat hil da Zornotzan lan-istripu batean
Langile bat hil da gaur eguerdian Zornotzako Aludium enpresan pala baten mantentze-lanak egiten ari zela, UGTk jakinarazi duenez. Sindikatuak elkarretaratzea deitu du datorren asteazkenerako, uztailak 6, Bilbon.
EITB MEDIA
Langile bat hil da ostiral honetan, 13:00ak aldera, Zornotzako Aludium lantegian izandako lan-istripuan. UGT sindikatuak azaldu duenez, hildakoak Verman azpikontratarentzat egiten zuen lan, eta mantentze-lanak egiten ari zen pala baten kazoa gainera erori zaionean.
Lan-istripu berri horren aurrean, UGT sindikatuak elkarretaratzea deitu du datorren asteazkenerako, uztailak 6, Bilbon, egoitzaren atarian. Gainera, laneko agintariei eskatuko die lan-arriskuen prebentzioaren arloan zaintza handiagoa egin dezatela.
Gaurko istripuarekin 42 langile hil dira aurten Euskal Herrian lan-ezbeharretan edota lan gaixotasunen bategatik. Ildo horretan, LAB sindikatuak salatu du lan istripuak ez direla "zoriak edo kasualitateateak sortuak", baizik eta ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza.
Hori dela eta, aldarrikatu du "bizi eta lan duinak" beharrezkoak direla, "lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu". Hala, eredu berri baten aldeko aldarria egin du, "langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena ekonomia- eta ekoizpen-irizpideen gainetik".
Bigarren hildakoa bi egunetan
Gaurkoarekin, bi egunetan bi lan-ezbehar jazo direla deitoratu du LAB sindikatuak. Gaurkoaz gainera, atzo, ekainak 30, furgoneta bateko gidaria trafiko-istripu batean hil zen, Laudion, sindikatuaren arabera, Portugaleteko azoka txikian salmenta-lanak egin ondoren etxera itzultzen ari zela.