Ekonomia -

Lan gatazka

Gasteizko Mercedesen ekoizpena etenda dago beste egun batez grebaren ondorioz

Emilio Titos lantegiko zuzendariak egindako ohartarazpena gorabehera, jarraipen zabala izaten ari da ELAk, LABek eta ESK-k deitutako lanuztea. Are gehiago, sindikatuok ez dute baztertu datorren astean mobilizazio gehiago deitzea.

Mercedeseko lantegiaren sarrera, hutsik, gaur. EITB Media
Mercedeseko lantegiaren sarrera, hutsik, gaur.
Ekoizpena geldirik dago Gasteizko Mercedesen, ELA, LAB eta ESKren grebaren ondorioz

0:41

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzigarren egunez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako grebak Gasteizko Mercedes-Benz lantegiaren ekoizpena geldiarazi du, gehiengo sindikalak —UGT, CCOO, Ekintza eta PIM— zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa gorabehera, eta Emilio Titos zuzendariak atzo egindako ohartarazpenari entzungor. Lantegiko buruak abisua eman zuen: langileek hitzarmena berritzeari ezezkoa ematen badiote, "akaberaren atarian egongo gara".

Sindikatu deitzaileek jakinarazi dutenez, jarraipen zabala izaten ari da lanuztea, tailerretako beharginen gehiengoak babestu du eta. Bihar ere greba deituta dute hiru sindikatu abertzaleek, eta nabarmendu dute mahai gainean dutela datorren asterako mobilizazio gehiago deitzea. 

Radio Vitorian egindako adierazpenenetan, Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak esan du "oso pozik" daudela jarraipenarekin, "jendeak ulertu baitu gauzak lortzeko borrokatu behar dela; atzo baino jende gutxiago sartu da gaur", azaldu du. 

Beharginek astelehenean erabakiko dute aurreakordioa babestu ala ez

Jarraipen masibo horrek zalantzan jartzen du datorren astelehenean langileek aurreakordioari oniritzia ematea. Bozketa dago deituta hilaren 18rako, Mercedeseko beharginek itunaren edukiez iritzia eman dezaten. Horren ildoan, grebaren deitzaileek salatu dute "gardentasun falta" sumatu dutela prozesuan, oraindik ez baitakite zenbat mahai egongo diren edo zein errolda erabiliko duten. 

Hain justu, Emilio Titos Gasteizko lantegiko zuzendariak asteleheneko bozketari begira ohartarazi zuenez, beharginek "aurreakordioari 'ez' esaten badiote, akaberaren atarian egongo gara". Titosen esanetan, zuzendaritzak ezin du "irudikatu ere egin" langileek enpresak egindako "ahalegina" ez aintzat hartzea, eta gogorarazi du "langileen soldata nabarmen" igoko dela.

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak, lehendakariaren eta Arantxa Tapia sailburuaren ahotan, "zoriontzeko moduko" akordio gisa jo zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak ESK Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan