Ekonomia -

Lan gatazka

Gasteizko Mercedesko zuzendaria: "Aurreakordioari 'ez' esaten badiote, akaberaren atarian egongo gara"

Emilio Titosek aitortu du zuzendaritzak ezin duela "irudikatu ere egin" langileek aurreakordioa baztertzea.

Emilio Titos. Argazkia: EITB Media
Emilio Titos.
Emilio Titos. Argazkia: EITB Media

E.G | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Titos Gasteizko Mercedeseko zuzendari nagusiak espero du langileek hitzarmena berritzeko enpresak eta gehiengo sindikalak atzo erdietsitako aurreakordioa babestea, eta, horrela egin ezean, ohartarazpena ere egin du: "Akaberaren atarian egongo gara". 

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Titosek esan du zuzendaritzak "ahalegina" egin duela bere proposamenean, eta, lortutako aurreakordioari esker, "langileen soldata nabarmen" igoko dela. Hala, aitortu du enpresak ezin duela "irudikatu ere egin" langileek aurreakordioa baztertzea. 

Halaber, Mercedesko zuzendariak irmo adierazi du enpresak ahaleginak egiten dituela "plantillak bere bizi-maila mantentzeko", eta aurreakordioak lantegiaren "etorkizuna eraikitzea" ahalbidetuko duela.

Gasteizko lantegian gehiengoa duten sindikatuek (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM) adostasuna lortu zuten atzo zuzendaritzarekin bederatzi orduko batzarraren ostean. ELA, LAB eta ESK sindikatuek, ordea, ez babestea erabaki zuten, soldatak KPIaren azpitik igoaraziko zituztela argudiatuta. Gainera, asteon deituta zituzten greba egunei eustea erabaki dute gaur. 

Langile guztiak astelehenerako daude deituta aurreakordioa berresten duten ala ez erabakitzeko.

Aurreakordioa "zoriontzeko modukoa" dela uste du Urkulluk

Zuzendaritzak enpresa-batzordeko gehiengoarekin adostutako aurreakordioa "zoriontzeko modukoa" dela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, Elgoibarren (Gipuzkoa).

Urkulluk Berkoa Machine Toolseko instalazioetan egin ditu adierazpenak. Kooperatibaren SoldAvanza makina berriaren aurkezpenean izan da agintaria.

"Ziurgabetasun eta zalantzazko garaietan gaude", azpimarratu du lehendakariak. Horren aurrean, "Euskadiko ekonomiaren gaitasun teknologikoaren" garrantzia defendatu du buruzagiak, baita "lankidetza, sinergia eta aliantzen, akordioen" garrantzia ere.

Horrela, "akordioak eta aurreakordioak" baloratu ditu, "atzo bertan Mercedesen lortutakoa bezala, hain garrantzitsua" makina erremintaren sektorearentzat.

"Mercedes zoriontzeko moduko" aurreakordioa dela adierazi du lehendakariak, lantegiarentzako soilik ez, "beste hainbat enpresentzako ere, 400 baino gehiagok Gasteizko Mercedes Benz Vansekin lotura dutelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Sindikatuak Enpresaburuak Automobilgintzari buruzko albisteak