Ekonomia -
RADIO EUSKADI
Hurtado: "Esku artean ditugun turismo datuen arabera, aurtengo uda 2019koaren parekoa edo hobea izango da"
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren hitzetan, turismo sektoreari dagozkion aurreikuspenak "oso positiboak" dira aurtengo udarako, hein batean, pandemia garaian erakundeek egindako "lan onari esker". Horren harira, aldi baterako lan-erregulazioak aipatu ditu.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Aurreikuspenak betetzen ari dira eta turismoaren datuak EAEn 2022ko lehen bost hilabeteotan oso onak izan dira. Hala baieztatu du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, gaur goizean, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Besteak beste, pandemia garaian galdutako nazioarteko bisitariak berreskuratu direla azpimarratu du. Datuok bat datoz EITB Datak turismoari buruz egindako azken azterketarekin.
Orain arte esku artean dituzten datuak kontuan hartuta —ekainekoak eta uztailekoak falta dira—, aurtengo uda "2019koaren parekoa edo hobea" izango dela ziurtatu du sailburuak, eta turismoak EAEri egiten dion ekarpenean jarri du azpimarra, "ez bakarrik maila ekonomikoan, baita maila kulturalean eta sozialean ere". Egun, barne produktu gordinaren % 6,4 sortzen du turismoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 100.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan sektore honetan.
Hurtadoren arabera, pandemia garaian erakundeek eta sektoreko langileek egindako "lan onaren ondorio" dira emaitzok. "Pandemia garaian laguntza-planak diseinatu zituen lehendabiziko erkidegoa izan ginen, aitzindariak izan ginen horretan. Lan hori bere fruituak ematen ari da", gaineratu du.
Halaber, Jaurlaritzak "turismo eredu jasangarri" baten alde lan egiten jarraituko duela adierazi du, eta "masifikazio kasu jakin batzuk" egon direla onartu arren, Gaztelugatxekoa, besteak beste, "oreka" bilatzen jarraituko dutela esan du. EAEra iristen diren bisitarien ia erdia udako hilabeetatik kanpo heltzen dira, eta bisitari guztiak EAEko hiru lurraldeetan "modu orekatuan banatzea" dela Jaurlaritzaren estrategiaren ardatza ziurtatu du. "Aldundiekin eta eskualdeetako erakundeekin lanean ari gara hori lortzeko", zehaztu du.
Ostalaritzan langileak kontratatzeko duten arazoari buruz galdetuta, Hurtadok esan du "kalitazko zerbitzu batek kalitatezko enplegua" eskatzen duela, "nahitaez". Horregatik, "sindikatuekin eta patronalarekin lanean" jarraitzearen premia azaldu du, "hitzarmenak berritu eta egungo beharretara egokitzeko".