Ekonomia -

Krisi energetikoa

Euskadi kontingentzia plan energetiko propioa prestatzen ari da jadanik

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak eta Mikel Amundarain Industria sailburuordeak ziurtatu dutenez, Eusko Jaurlaritza kontingentzia plan energetiko propioa prestatzen ari da dagoeneko.

Gaviota lurpeko gas biletgia. Argazkia: Marian Juarros
Gaviota lurpeko gas biletgia. Argazkia: Marian Juarros

Mikel Amundarain Industria sailburua: "Euskadik aukera txikia du gas-horniduran murrizketak egoteko"

06:33

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak, Radio Euskadiko Boulevard irratsaioan, eta Mikel Amundarain Industria sailburuordeak, ETBn, ziurtatu dutenez, Eusko Jaurlaritza kontingentzia plan energetiko propioa prestatzen ari da dagoeneko; "berehala, energiaren kontsumoa murrizteko neurriak hartzen hasteko".

Industria sailburuordeak baieztatu duenez, udazkenari eta neguari begira, kontingentzia egitasmo bat prestatzen ari dira.

Amundarainek jakitera eman duenez, Alemaniara egindako bisitan, gas eten edo murrizketa batek industrian izan dezakeen ondorioen aurrean, "kezka" antzeman zuten. Hala ere, EAEn eragin txikiagoa izango lukeela uste du, "Errusiarekiko menpekotasun txikiagoa dugulako".

Sailburuordearen ahotan, Euskadi gas sistema integratu baten barnean dago. Azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak gasa sartzeko gaitasun handia du, eta era ezberdinetako gasa, likidoa zein gaseosoa. Gainera, EAEk gasa metatzeko gaitasuna du, baita gasbide sistema osatu bat ere, erantsi duenez. Azkenik, metaketa likidorako BBG eta Gaviota lurpeko biltegia bertan direla gogorarazi du.

Euskadiko industriarentzako "gauza berria ez" dela azpimarratu du Amundarainek, orain arte "lan handia" egin duelako.

Bestalde, Ansolak gogorarazi du EEEk aurten 40 urte betetzen dituela. "Beti azpimarratu izan dugu, aurrera eraman dezakegun energia politikarik onena eraginkortasun energetikoarena da", nabarmendu du.

"Gradutxo hori, ematen du gutxi dela, baina energia mordoa ez kontsumitzeko balio dezake", esan du Europako Batzordearen proposamenari erreferentzia eginez. Europar Batasuneko herrialdeei eskatu die abuztuaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitartean % 15 murriztea gas-kontsumoa. Etxeetan, enpresetan eta sektore publikoan aurrezteko neurriak hartzeko eskatu du Errusiak gas-hornidura etengo balu prest egoteko. 

"Gero eta neurri gehiago ezarri behar ditugu, energia gutxiago kontsumitzeko helburuarekin", errepikatu du Ansolak. "Errusiak zer egingo duen ez dakigu; Nord Stream 1 gasbidearekin bihar zer gertatuko den ez dakigu; Europa gasarekin hornitzeko, gas-hodia benetan zabalduko duten ez dakigu", ohartarazi du.

"Zenbat eta argindar gutxiago kontsumitu, gas gutxiago beharko dugu", ziurtatu du.

Azkenik, EEEko zuzendari nagusiaren ahotan, industriak "azken 40 urteetan etxeko lanak egin ditu, eta egunez egun eraginkorragoa izaten ari da".

"Lan horretan pausoak ematen jarraitzen du eta, ez dut batere zalantzarik, Eusko Jaurlaritzaren eta EBren gomendio guztiak praktikara eramango ditu", erantsi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Energia berriztagarriei buruzko albisteak Gas naturala Kontsumo elektrikoa murriztea Energia iturriak gaur