Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Tapia: "Energia aurrezteko dekretua dagokigunaren zati txiki bat da, asko dugu egiteko"

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren ustez, EAEko industriaren gas kontsumoa, mugikortasuna edota ur kontsumoa bezalako gaiei heldu behar zaie. Jaurlaritzak ostirala baino lehen amaituko du bere kontingentzia planaren zirriborroa.

Tapia, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Tapia, elkarrizketaren une batean.
Jaurlaritzak ostiralean partekatuko du energia aurrezteko bere kontigentzia planaren zirriborroa

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, energia aurrezteko neurriekin gaur indarrean sartu den dekretua "orain dagokigunaren zati txiki bat da, garrantzitsua, baina txikia". Izan ere, horren iritzian, "asko dugu egiteko", eta, besteak beste, EAEko industriaren gas kontsumoa, mugikortasuna edota ur kontsumoa bezalako gaiei heldu behar zaiela azpimarratu du. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Tapiak azaldu du orain "gogor" egin behar dela lan energia kontsumoa gutxitzeko, "negu zaila aurreikusten baitugu". Horren iritzian, dekretuak "oso gai zehatzak" lantzen ditu, eta "egin beharreko ekintza guztien zati oso txikia" hartzen du. Jakinarazi duenez, Jaurlaritza, aldundiekin eta udalekin batera, kontingentzia planaren zirriborroa bukatzen ari da, erabiltzaile pribatuei eta industriari zuzendutakoa. "Ostirala baino lehen partekatuko dugu agente guztiekin, eta ekarpenak bilduko ditugu gerora Ministeriora bidaltzeko", zehaztu du. Ondoren, Espainiako Gobernuak plan orokor bat aurkeztu beharko du Bruselan. 

Errusiak Europari gasa hornitzeari uzten badio gerta litekeenaz galdetuta, Tapiak esan du Euskadik baduela gasa biltzeko azpiegitura nahikoa, baina aitortu du "uharte bat ez garenez eta Europak elkartasuna eskatzen digunez", eragina izango duela. "Alemania gelditzen bada, automatikoki Euskadin eragina izango du", erantsi du. 

Azkenik, 2030erako energia berriztagarrien kuota igotzeko duen Jaurlaritzak ezarritako helburuaz mintzatu da sailburua. Dioenez, gaur egungo % 8tik —"oso maila txikia", Tapiaren hitzetan— "gutxienez % 20ra" igotzeko erronka "itzela" du Euskadik. "Energia berriztagarria sortu behar dugu. Ez digu balio beste batzuek sortzea eta guk erostea. Bestela, gasarekiko menpekotasuna izatetik, berriztagarrien menpeko izatera igaroko gara. Berriztagarriak izango dira, bai, baina hirugarren baten menpe egongo gara", arrazoitu du. Halaber, azpimarratu du "dimentsio handiagoko plantak" behar direla euskal industria energiaz hornitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Energia berriztagarriak Gas naturala Energia aurreztea Energia gaur