Ekonomia -

lan-gatazka

Gasteizeko Mercedes-Benzeko langileak lanera itzuli dira

5.000 pertsonak egiten dute lan Gasteizko lantegian eta zeharkako 30.000 lanpostu inguru sortzen ditu. Udako oporren ondoren, 2026ra arte onartutako lan hitzarmen kolektiboarekin ekin diote lanari beharginek.

Mercedesek Gasteizen duen lantegia
Mercedesek Gasteizen duen lantegia
Mercedesek Gasteizen duen lantegia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udako oporren ondotik, Gasteizko Mercedes lantegiko ekoizpen-kateak gaur, astelehena, ekin dio berriro ekoizpenari. Hilabeteak lan-gatazka bete-betea eman ostean, 2022ko azken lauhilekoa asmo handiekin hasi dute, 160.000 ibilgailu inguru egin nahi baitituzte, orain arteko marka guztiak hautsiz.

Horretarako, baina, iraileko lau larunbatetan ez dute ekoizpena etengo, eta aurrerantzean eta urte amaierara arte ere larunbat guztietan lan egitea aurreikusi dute.

Hitzarmena sinatu ondotik, eta multinazionalak 1.200 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa iragarri ostean (oraindik baieztatu gabe dago), Arabako lantegia modernizazio-prozesu batean murgilduko da, Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin batera. Orain lehentasun nagusietako bat da ibilgailu elektriko berri bat ezkoiztea, eta eraikina horretarako prestatzea.

Arabako Barne Produktu Gordinaren % 30aren jabe da Mercedes, eta instalazioak zabaltzeko oniritzi ofiziala jaso du, egun dituen lurzoruen baitan. Hala, dagoeneko Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratuta dago lurzatien eraikigarritasuna eta okupazioa handitzeko erabakia.

Esku hartzeko eremua Oto etorbidearen eta Areeta kalearen artean kokatzen da, eta goiko pasabide baten bidez lotuko dira, orain trenbideak banatzen baititu. Hala, obra horiekin ekoizpen-lerro berri bat eraiki ahal izango da.

2022. urteko azken lauhilekoa ere garrantzitsua izango da Enpresa Batzordearentzat; izan ere, azaroan egitekoak dira hauteskunde sindikalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan