Ekonomia -

Energia

Europako erreferentziazko TTF gas-merkatuan esku hartzea aztertzen ari da EB

Batasuneko dokumentu batek gasa eta elektrizitatea merkatzeko premiazko esku hartzeko formula posibleak jasotzen ditu. Energia ministroen ezohiko kontseiluaren bileran eztabaidatuko dira horiek datorren ostiralean.

Gasezko sukalde bat. Pxhere.
Gasezko sukalde bat. Pxhere.
Errusiako gasaren hornidura etenaren ondorioz % 20 igo da prezioa

1:02

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak aste honetan ekingo dio ikasturte politikoari. Ostiraleko ezohiko kontseiluan hogeitazpietako Energia ministroak gasa eta elektrizitatea merkatzeko premiazko esku hartzeko formulak aurkitzen saiatuko dira.

Efe agentziak kontsultatutako dokumentu baten arabera, formula horien artean, Europan erreferentzia den eta azken boladan izugarri hazi den Herbehereetako TTF gas-merkatuan esku hartzeko aukera aztertzen da; zehazki, "122. artikuluko proposamen batek larrialdietan merkatuan esku hartzea jaso dezakeen" aztertzen ari dira.

Dokumentuak gas naturala bi indizetan banatzea aurreikusten du, likidotua batetik eta gasbide bidez inportatzen dena bestetik, eta azken horri gehienezko prezio bat aplikatzea.

"Prezioei mugak jartzearen ordezko aukera" izan liteke, bestetik, larrialdietan, JKM Asiako merkatua erabiltzea erreferentzia gisa Herbehereetako TTFren ordez, prezio-prima batekin, bai eta "TTF finantza-ikuskaritzaren mende jartzea, balizko espekulazio-mugimenduak saihesteko".

Halaber, dokumentuak proposatzen du "gas naturalarentzako erreferentzia-indize alternatiboak" garatzea Europako ipar-mendebaldeko herrialde batzuetarako, botila-leporik ez dutenentzako.

Iturri diplomatikoek Eferi adierazi diotenez, Espainiak "mekanismo iberikoa EBko gainerako herrialdeetara zabaltzea" eta isurien merkataritzako ETS merkatuan "CO2 prezioa izoztea" proposatuko du, besteak beste.

Berlinek ez zuen orain arte merkatuetan esku hartu nahi; Errusiak gasa moztu ondoren ordea aldatu egin du jarrera eta premiazko konponbide nahi du orain, argia merkatzeko. Alemaniaren jarrera aldaketak Europako Batzordearena ekarri du eta buru-belarri sartu da esku-hartze posibleetan pentsatzera. 

Erreformak gehiengo kualifikatuz erabaki daitezke Kontseiluan bertan, eta horrek esan nahi du teorian aurrera atera daitezkeela, baita Herbehereen ezezkoarekin eta Europako Parlamentuaren bermea lortu beharrik gabe ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Gas naturala Europako Parlamentua