Ekonomia -
Greba eguna
Nafarroako ikastetxeen % 60k ateak itxi dituzte, sindikatuen arabera
Nafarroako Gobernuarentzat, berriz, % 29,98koa izan da grebaren jarraipena. Rajoyren Exekutiboak iragarritako murrizketen aurkako bigarren greba eguna da, eta kalean erantzun handia izan du.
Erredakzioa
Nafarroako hezkuntza zentro gehienek (% 60) grebarekin bat egin dutela adierazi dute sindikatuek. Nafarroako Gobernuak, berriz, grebaren jarraipena zentroen % 29,98an kokatu du. Rajoyren Exekutiboak iragarritako murrizketen aurkako bigarren greba eguna da gaurkoa Nafarroan.
Kalean erantzun handia izan du deialdiak, eta milaka lagunek manifestazioa egin dute Gobernuak hezkuntza mailan ezarritako murrizketen kontra. "Por una educación pública de calidad. Murrizketarik ez" lelopean, manifestazioa egin dute Iruñean eguerdian 12.000 bat lagunek, sindikatuen datuen arabera. Udaltzaingoaren arabera, berriz, 5.000 izan dira.
Jose Iribias Nafarroako Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, egunean zehar ez da istilurik izan. Hala ere, grebak ikasleei eta familiei kalte egiten diela azpimarratu du.
Iribiasen hitzetan, greba saihesteko, "hitz egitea posible da" eta, horren harian, Nafarroako zerbitzu publikoetan hilaren 31an deitutako greba bertan behera uzteko eskatu die sindikatuei.
Bestalde, Expe Iriartek (LAB) esan du lanuztearen jarraipena "irregularra" izan da, maiatzak 22ko greban lortutakoaren azpitik, baina "oso garrantzitsua".
Iriartek azaldu duenez, jarraipena zertxobait jaitsi da Nafarroako Erriberako zentroetan. Hala ere, Erriberan ere erantzuna "ona" izan dela gaineratu du.