Ekonomia -
Osasun eta Hezkuntza arloetan
Auzitara ez jotzeko, murrizketak negoziatzea eskatu du Jaurlaritzak
Idoia Mendia bozeramailearen hitzetan, PPko Gobernuaren murrizketek ez dituzte Autonomia Erkidegoek hezkuntza arloan dituzten eskumenak kontutan hartzen.
Erredakzioa
Rajoyren Gobernuak Hezkuntza eta Osasun arloetan iragarritako murrizketen aurrean konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa jartzeko baimena eman dio Jaurlaritzak Justizia eta Herri Administrazio Saileko Auzibide Zuzendaritzari.
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, PPko Gobernuaren murrizketek ez dute kontutan hartzen Autonomia Erkidegoek hezkuntza arloan dituzten eskumenak. "Ezikusia egiten die, eta hori arriskutsua da", gaineratu du.
Besteak beste, dekretu horretako 3. eta 4. artikuluak errekurrituko du Patxi Lopezen Gobernuak. Hirugarrenean, irakasleek gutxienez zenbat eskola-ordu eman behar dituzten zehaztu dute, eta, laugarrenaren arabera, hamargarren eskola-egunetik aurrera izendatu daiteke beste bitarteko edo ordezko bat
Mendiak gogoratu duenez, hezkuntza-arloan Euskadik "eskumen esklusiboa du". "Uste dugu artikulu horrek gure hezkuntza-zerbitzuaren antolaketa- eta kudeaketa-ahalmena ukitzen duela, legez kontra, eta, hortaz, eskumen hori urratu egiten duela".
Jaurlaritzaren aburuz, Osasun arloaren inguruko Errege Lege Dekretuak, euskal sistemaren "funtsezko hainbat alderdi aldatzen ditu". Jaurlaritzak lau artikulu errekurritu ditu.
Aldebiko batzordea proposatu dute
Gaurko Gobernu bileran, Rajoyren murrizketak baliorik gabe uztea eta Auzitegi Konstituzionalera eramatea erabaki du Jaurlaritzak. Hala ere, Estatuari aldebiko batzorde bat martxan jartzea proposatuko dio, bide judiziala saihesteko helburuarekin.
Batzorde horretan, neurriek "eskumen urraketa" ekarriko dutela esango diote Espainiako Gobernuari.
Espainiako Gobernuak proposamena onartuko balu eta akordiorik ez balego, bederatzi hilabeteko epea izango du Jaurlaritzak errekurtsoak aurkezteko. Batzordea sortzen ez badute, Patxi Lopezen Gobernuak hiru hilabete izango ditu helegiteak Konstituzionalera bidaltzeko.