Ekonomia -

B Accelerator Tower (BAT)

Bizkaiko Ekintzailetza Zentroa abian da: % 80ko okupazioa du eta 2023an handituko dute

Jaurlaritzarekin babesarekin, Bizkako Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatu dute zentroa, eta gaur inauguratu dute zazpi urteko izapideen ostean. Dagoeneko, 30 enpresa handi, tartean Google for start up, eta 40 'start up' ari dira bertan lanean.

Aburto, Urkullu eta Rementeria, erdigunean, inaugurazioaren une batean. Argazkia: EITB Media
Aburto, Urkullu eta Rementeria, erdigunean, inaugurazioaren une batean.
BAT Ekintzailetza Zentroak bere ibilbideari ekin dio

01:20

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Ekintzailetza Zentroak ateak ireki ditu gaur Bizkaiko Dorrean (Bilbo), eta ia beteta ekin dio ibilbideari, % 80ko okupazioa baitu, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak inaugurazioan zehaztu duenez. Hori horrela, datorren urtean handituko dutela iragarri du.

Gaur, astelehenarekin, inauguratu dute B Accelerator Tower (BAT) izena daraman zentroa. Ekitaldian izan dira EAEko agintari nagusiak (Iñigo Urkullu lehendakaria, Rementeria bera eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, besteak beste) eta dorrea kudeatuko duten enpresetako (Price Waterhouse Coopers, Talent Garden eta Impact Hub) ordezkariak.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak elkarrekin sustatu dute proiektua. Helburua da enpresa teknologiko berriak (start up direlakoak) sortzeko prozesua landu eta azkartzea, zentroa berrikuntzaren eta ekintzailetzaren "itsasargi" bihurtzeko. Zazpi urteko izapideak behar izan dira, baita hainbat gorabehera ere lizitazio prozesuan. Kritikak ere izan dira, eta hainbat alderdik "gardentasun falta" salatu dute parte hartuko duten enpresen harira.

Gaur gaurkoz Bizkaiko Dorrearen, —BBVAren etxe orratza zena— lau solairu hartzen ditu, baina Rementeriak iragarri duenez, beste lau, 4.000 bat metro koadro gehiago, hartuko ditu etorkizunean. Horretarako, lanak 2023an abiatuko dituzte.

30 enpresa handi, tartean Google for Startups, eta 40 start up daude bertan lanean. Guztira, 220 entitate baino gehiagok osatzen duten "ekosistema" da BAT, 400 pertsonak osatzen dutena. Enpresa berriak, korporazioak, venture capitalen konpainiak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak daude proiektuan. AEBko konpainia erraldoia batu zaiela eta, Rementeriak iragarri du harekin sinatutako lankidetza akordio bati esker, BATen dauden start upek Googleren campusean sartuko ahalko dira, doan, eta konpainiaren formazio eta mentoring programetan parte hartu ahalko dutela.

Lehendakariaren, Rementeriaren eta Aburtoren adierazpenak

Inaugurazioan zehar, Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu du Euskadik "ekintzailetza lurralde" gisa duen bokazioa islatzen duela BAT proiektuak. Urkulluk azpimarratu duenez, bultzada publikoaz jaio da proiektua, baina "munduko 140 zentrorekin baino gehiagorekin nazioarteko harremana bermatzen" duten enpresa pribatuen aliantza batek kudeatuko du.

Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu du zerga-sistema "ausart eta koherente" baten oinarriaren gainean eraikitako estrategia baten emaitza dela BAT. Hala, "talentu berritzailea erakartzea eta berrikuntza zein garapen proiektuak bizkortzea" du helburu, lehiakortasun eredu "berri, on eta beharrezko" batekin batera, "iraunkorra eta erresistentea" izango dena, "eraldaketa global handien" bide beretik. "Aukerak aprobetxatzen jakin behar dugu erreferente industrial izaten jarraitzeko, abangoardiako industria batekin, balio erantsi handiarekin, osagai teknologiko esanguratsu batekin eta gaitasun handiko pertsonekin", gaineratu du.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearentzat, hala gertatu zen BBVA bankuaren eraikinarekin. Orain gune modernoa dela dio, "nazioarteko mailako lerro eta ideiarik aurreratuenak" jasoko dituena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Lana Ekonomia Unai Rementeria Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Bizkaiko Foru Aldundia