Ekonomia -
PENTSIO DUINAK
Euskal pentsiodunek astelehenean mobilizatzera deitu dute bankuen eta erakundeen aurrean
Kontzentrazioak eta manifestazioak 12:00etan hasiko dira EAEko hiru hiriburuetan. Bankuen aldetik pairatutako "abusuak" salatuko dituzte, eta, beste behin, pentsio duinak aldarrikatuko dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal pentsiodunek kontzentrazioak eta manifestazioak iragarri dituzte astelehenerako, 12:00etan, EAEko hiru hiriburuetako bankuen eta erakundeen aurrean, eta beste zenbait herrietan. Berriro ere 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatuko dute, eta "banku abusuen" aurka egingo dute.
Mobilizazio horietan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean aurkeztu ziren mozioei Euskadiko eta Nafarroako 121 udalek eman dieten sostengu instituzionala biltzen duen txostena aurkeztuko dute.
Sukurtsal eta kutxazain automatikoen itxierei buruzko balantze zehatza ere emango dute. Haien arabera, itxiera horiek "eragin handiagoa dute pentsiodunen eta adinekoen artean".
Balantze horrez gain, bankuko zuzendariei eta erakundeetako ordezkariei zuzendutako dokumentu bat emango diete, eta aurrez aurreko harremanak edo elkarrizketak eskatuko zaizkie bankuarekin izaten ari diren "funtsezko eta gizarte-izaerako arazo larriak" aztertzeko eta arazo horiek konpontzen saiatzeko.
Gasteizen manifestazioa Plaza Berritik aterako da, eta pentsiodunek txostena Udaletxean eta Batzar Nagusietan aurkeztuko dute. Bilbon manifestazioa Udaletxetik abiatuko da, lehenbizi Eudelen aurrean geldituko da eta gero Kale Nagusian zehar ibiliko da eta Plaza Zirkularrean amaituko da. Donostian, bestalde, Alderdi Ederretik irtengo da, eta Kutxabank eta Foru Aldundiaren aurrean geldituko da.