Ekonomia -

Siemens Gamesa

Siemens Gamesak 2.900 kaleratze iragarri ditu, horietatik 475, Espainian

Doikuntza hori gorabehera, datozen urteetan plantilla handitzea aurreikusten du enpresak, hazten ari diren hainbat arlotan. Egun, 2800 langile baino gehiago ditu Siemens Gamesak Hego Euskal Herrian. Ikusteko dago horietako zenbati eragingo dien gaur ezagutu den erabakiak.

Siemens Gamesako langile bat. Artxiboko irudia: EITB Media
Siemens Gamesako langile bat. Artxiboko irudia: EITB Media
Siemens Gamesako langile bat. Artxiboko irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siemens Gamesak ostegun honetan iragarri duenez, 2.900 langile kaleratuko ditu, horietatik 475, Espainian, hazkunde iraunkorra lortzeko 'Mistral' programa estrategikoaren barruan. Hala jakinarazi du aire-sorgailuen fabrikatzaileak ohar baten bidez.

Orotara, bost planta ditu konpainia alemaniarrak Hego Euskal Herrian, hiru EAEn (Zamudion, Asteasun eta Mungian), 1.011 langilerekin, eta bi Nafarroan (Sarrigurenen eta Arazurin), 1.823ko plantillarekin. Enpresak zehaztu duenez, langileen ordezkariekin lankidetza estuan arituko da murrizketaren eragina ahalik eta txikiena izateko, borondatezko irteerak eta birkokatzeak lehenetsiz. Negoziazio aldia 2022ko urriaren hasieran irekiko da..

Horrela, Espainiako murrizketak Gamesak Siemensen dibisio eolikoarekin bat egitetik sortutako taldeak herrialdean duen plantilla osoaren % 9 pasatxori eragingo dio, hau da, 5.097 langileri, enpresaren datuen arabera.

Doikuntza-plan horrek Europan izango du eragin nabarmenena; izan ere, Espainian ez ezik, Danimarkan (800), Alemanian (300) eta Erresuma Batuan (50) ere murrizketak izango dira.

Jochen Eickholt Siemens Gamesako kontseilari delegatuak adierazi duenez, "sekula ez da erraza izaten horrelako erabaki bat hartzea, baina hau da unea konpainia beste norabide batean jarri, eta etorkizun jasangarria ziurtatuko duten neurriak hartzeko".

"Siemens Gamesa indartsuagoa eta lehiakorragoa eraiki behar dugu, trantsizio energetiko berdean funtsezko eragile gisa dugun posizioa sendotzeko", adierazi du.

Siemens Gamesak oharrean adierazi duenez, plantilla doitzeko neurri hau urrats berri bat da enpresak nahi duen eredu operatibo berria ezartzeko, "konpainiaren potentziala maximizatzeko, eta epe luzerako hazkunde errentagarria ahalbidetzeko diseinatua, egitura sinpleago eta eraginkorrago baten bidez".

"Mistral" programa maiatzean abiaraztearekin batera, berrantolaketa prozesu bat jarri zen abian, bai funtzio desberdinetako sinergiak identifikatzeko, baita merkatuaren gaitasuna egokitzeko ere.

Enpresak abuztuan aurreratu zuenez, 1.226 milioi euroko diru galerak izan ditu lehen 9 hilabeteetan. Taldeak aurreko urtean izandako 368 milioi euroko galerak hirukoiztu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Siemens Gamesa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio azken albisteak