Itxi

Ekonomia

ESPAINIAKO AURREKONTUAK 2023

Espainiako Gobernuak 385,6 milioi euro bideratuko ditu Abiadura Handiko Trenaren lanetara

O. A. | EITB MEDIA

Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuaren arabera, inbertsio erreala 558,8 milioi eurokoa izango da eta horri zeharkako inbertsioa (153,7 milioi) gehitu behar zaio. Diru gehiena azpiegituretara bideratuko da: 510 milioi euro trenbideetarako eta 61 milioi Bilboko eta Pasaiako portuetarako.

  • Denis Itxaso

    Denis Itxaso. Argazkia: EFE

2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorretatik Euskal Autonomia Erkidegora bideratuko den diruaren berri eman du gaur goizean Denis Itxaso Gobernu ordezkariak. Zehazki, inbertsio erreala 558,8 milioi eurokoa izango da, 2022an baino % 9,1 gehiago, eta horri zeharkako inbertsioa (153,7 milioi) gehitu behar zaio.

Lurraldez lurralde honela banatuko da dirua: Araba, 115,71 milioi; Bizkaia, 199,55 milioi, eta Gipuzkoa, 243,53.

Inbertsio gehienak garraio azpiegituretara bideratuko dira. 510 milioi euro trenbideetarako izango dira, horietatik 385,6 milioi, Abiadura Handiko Trenaren lanetara, eta 61 milioi, Bilboko eta Pasaiako portuetarako. 

Trena

Abiadura Handiko Trenak hartuko du zatirik handiena, 385,6 milioi euro. Espainiako Gobernuak 250 milioi euro jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak, Kupoaren bitartez, 135,6 milioi.

Abiadura Handiko Trena

Hauek dira diru partida aipagarrienak:

- Bilbo-Gasteiz-Donostia: 170,39 milioi

- Europa barneko garraio sarea: 75,09 milioi

- Astigarraga-Irun zatia: 70,3 milioi

- Burgos-Gasteiz lotura: 4,5 milioi

- Irungo geltokia: 4,1 milioi

Gainerako trenbide sarea

- Bizkaia: 35,2 milioi euro. Diru gehiena Bilboko aldirietako zerbitzuan hobekuntzak egiteko eta Zorrotzarako bideratuko da.

- Araba: 21 milioi euro, horietatik 18,2, Jundizeko terminalerako.

- Gipuzkoa: 34,9 milioi euro, horietatik 31,7 milioi euro Donostiako aldirietako zerbitzurako.

Renfek, ostera, 32 milioi euroko aurrekontua izango du geltokietan hobekuntzak egiteko: Laudion, Barakaldon, San Mamesen eta Autonomian (Bilbo) eta Peñotan (Santurtzi).

Aireportuak

Euskal Autonomia Erkidegoko aireportuetan aurreikusitako inbertsioa 18,46 milioi eurokoa da: 14,53 milioi, Bilboko aireportuan; 2,77 milioi, Gasteizko aireportuan; eta 0,46 milioi, Donostiako aireportuan.

Portuak

Espainiako Gobernuak 61,5 milioi euroko inbertsioa egingo du Bilboko eta Pasaiako portuetan.

- Bilboko portua: 43,52 milioi, ingurumen, jasangarritasun eta energia alorrei lotutako lanak egiteko, kai-mutur nagusiaren lanetarako, eta AZ1 kaia luzatzeko.

- Pasaiako portua: 17,8 milioi euro, lonja berria eraikitzeko eta kaiaren edukiera handitzeko, besteak beste.

Zubietako kartzela

Zubietako kartzela berria egiteko diru partida bat aurreikusi du Espainiako Gobernuak 2023ko aurrekontu proiektuan, nahiz eta espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzari dagokion.

Zehazki, Espainiako Gobernuak 24,1 milioi euroko inbertsioa egingo du. Obra zibila 2023. urtearen erdialderako amaituta egongo dela esan du, erabilgarri noiz egongo den zehaztu gabe.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena