Ekonomia -
Lan-gatazka
LABek zazpi greba egun deitu ditu Bizkaiko zaharren egoitzetan
Zentroetako 5.000 langileen "lan-baldintzak parekatzea eta ratio duinak ezartzea" eskatu die Aldundiari eta patronalei.
agentziak | eitb media
LAB sindikatuak zazpi greba egun (urriak 26-27, azaroak 17-18 eta abenduak 14, 15 eta 16) deitu ditu Bizkaiko zaharren egoitzetan, Aldundiari eta patronalei "lan-baldintzak parekatzea eta ratio (langileko dagoen egoiliar kopurua) duinak ezartzea" eskatzeko.
Sindikatuaren arabera, Bizkaiko erresidentzietako 5.000 langileen egoerak "okerrera besterik ez du egin, Aldundiak inposatzen duen zerbitzuaren pribatizazioak langileak itotzen ditu, lan-baldintzak okertzen ditu eta egoiliarren zaintza alboratzen du".
LABen hitzetan, "erresidentzietako egoera jasanezina da, egungo ratioak neurriz kanpokoak dira. Gure zaharrek logela partekatu behar dute, eta horrek intimitateari egiten dio kalte. Ez zaie egunero dutxatzea bermatzen, ezta gosariak eta afariak ordu egokietan ematea ziurtatzen ere. Atzerapenak pardelak eta posturak aldatzeko… eta abar. Lehen pertsonak zinen, orain 15 minutu zara".
Gainera, langileek "behargin publikoek baino % 50 gutxiago kobratzen dugu lan bera egiteagatik. Horri azken bi urteetako erosteko ahalmenaren galera gehitu behar zaio, eta hilean 300 euro pobreagoak gara".
Patronalak eta Aldundiak negoziatzeko "borondaterik ez" dutela eta, eta iazko mobilizazioen ondoren, LABek beste "borroka ziklo bat" abiatuko du Bizkaiko erresidentzien sektorean zazpi greba egunekin: urriaren 26an eta 27an, azaroaren 17an eta 18an, eta abenduaren 14an, 15ean eta 16an.