Ekonomia -
ENERGIA KRISIA
Energiaren merkatuan esku hartzeko eta prezioen gorakada gelditzeko
Gaur Pragan daude bilduta Europako energia arduradunak, bilera informal batean. Herrialde bakoitzak bere jarrera azalduko du, energia aurrezteko zenbateko ahalegina egiteko prest dagoen zehaztuz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Energiaren merkatuan esku hartu eta prezioaren gorakada geldiarazteko beste neurri sorta bat aurkeztuko du datorren astean Europako Batzordeak. Eskaria murriztea eta gasaren erosketa partekatuak erraztea ere bilatuko dituzte neurriok. Europako Batasuneko kideek, joan den asteko bileran, "lege argiak" eskatu zituzten, energiaren arazoari aurre egiteko.
Pragan dute hitzordua gaur Europako energia arduradun nagusiek, bilera informal batean. Bertara sartu aurretik, Kadri Simson Europako Energia komisarioak "elkarlanerako borondatea" eskatu du. "Oinarri zabal bat adostea" ezinbestekotzat jo du, arazoari irtenbidea emango dion "atea zabaltzeko". "Argi izan behar dugu guztiok elkarrekin eta batuta egin behar dugula lan", esan du. Gaurko batzarrean, herrialde bakoitzak bere jarrera azalduko du, energia aurrezteko zenbateko ahalegina egiteko prest dagoen zehaztuz.
Iragarritakoaren arabera, datorren astean aurkeztekoak diren planaren gakoak aurreratuko ditu Simsonek gaur Pragan. Zirriborroan, lau ataletan daude banatuta neurriak, eta bakoitzak helburu jakin bat du: energiaren eskaria murrizteko pizgarriak eskaintzea, gasaren prezioan esku hartzea, EBko estatu kideen artean energia bermatzeko elkartasun neurriak sustatzea eta gasa modu partekatuan erostea ahalbidetzea.
EB osatzen duten herrialde ia guztiak akordiorako prest agertu dira, eta bakoitzak bere ñabardurak mahai gainean jarri baditu ere, orain arteko neurriak onartzeko prestutasuna agertu dute. Hungaria da, oraingoz, desadostasuna agertu duen bakarra, energia bermatuta ez izateko arriskua ikusten duelako neurri berriekin.
Joan den irailaren 30ean, Europar Batasuneko Energia ministroek lehen akordio politikoa itxi zuten, EBko merkatu elektrikoan esku hartzeko larrialdietako neurrien gainean. Hala, besteak beste, eskari elektrikoa puntako orduetan % 5 murriztea adostu zuten eta erregai fosiletako enpresei tasa bat ezartzea.