Ekonomia -

Merkataritza

100.000 bonu saldu dituzte Euskadi Bono Denda programaren lehen egunean

2022ko edizioaren bigarren aldi hori abenduaren 4an amaituko da. Kanpainako aurrekontua bost milioi eurokoa zen hasieran, baina azkenean, bederatzi milioikoa izango da. Bonuaren helburu nagusia da tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea.

Denda bateko barrualdea, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Denda bateko barrualdea, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Euskadi Bono Denda kanpainak 900.000 bonu izango ditu abenduaren 4ra arte

00:59

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi Bono Denda kanpainaren 2022ko edizioak beste aldi bat izango du gaurtik abenduaren 4ra bitartean. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kanpainaren aurrekontua handitzea erabaki du, eta hasieran bost milioi eurokoa zen aurrekontua, azkenean, bederatzi milioikoa izango da, lau milioi handiagoa. Jaurlaritzak, kanpaina baliatuta, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko asmoa du. Lehen egunean, 100.000 bonu eskatu dituzte herritarrek.

Gasteizko Exekutiboak gogora ekarri du nola kanpainaren lehen aldiak emaitza onak izan zituen, eta euskal txikizkako merkataritzaren salmenten suspertzean bultzada eragin zuela. Ukrainako inbasioak ekonomian izandako ondorioengatik hartutako neurri osagarrietakoa da Euskadi Bono Denda.

Jaurlaritzak zehaztu duenez, aurrekontuaren igoerari eta truke aldi bien artean igarotako denborari esker, kanpainaren aurreko baldintzak aldatu ahal izan dira. Horrela, herritar bakoitzak gehienez ere bost deskontu bonu batu ahalko ditu, 50 euroko balioarekin truke aldi bakoitzeko. Hau da, pertsona batek lehen aldian esleitutako bonu guztiak kontsumitu izan balitu ere, kontsumitzailearen ondorioetarako, bigarren tarte hau kanpaina berri bat balitz bezala ulertuko da.

Bestalde, dio Jaurlaritzak, eta euskal merkataritza sektoreak berak eskatuta, bigarren aldiaren hasiera datorren urriaren 17ra atzeratuko da, eta 2022ko abenduaren 4an amaituko da. Horrela, kanpainak eraginkortasun handiagoz beteko du salmentak Gabonak heldu baino lehen suspertzeko helburua.

Bonuaren helburu nagusia tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea da, prezioen igoeraren ondorioz kontsumoa uzkurtu egin baita, batez ere, noizbehinkako ondasunetan. Mota askotako produktuak dituzten autonomoek, mikroenpresek eta merkataritza enpresa txikiek kudeatzen dituzten establezimenduek erabili ahal izango dute: ehungintza, oinetakoak, drogeria, burdindegia, etxeko ekipamendua eta dekorazioa, liburuak, paper denda eta bestelakoak. Gainera, hiriko merkataritza jarduerarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenak gehitu dira, hala nola ile apaindegiak eta edertasun institutuak, garbitegiak, tindategiak, argazki zerbitzuak eta markogintza zerbitzuak.

Euskadin atxikitako establezimenduei buruzko informazioa web orri honetan kontsulta dezakete herritarrek.

Zer egin behar da deskontua lortzeko?

Bonu bakoitzak 10 euroko deskontua izango du, gutxienez 30 euroko erosketa eginez gero. Deskontu hori establezimenduan bertan egingo da, aldez aurretik bonua erosi beharrik gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 16 urtetik gorako pertsonek eskuratu ahalko dituzte bonuak. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, guztira 50 euroko balioa duten bost deskontu-bonu eskuratu ahalko ditu; hainbat establezimendutan edo establezimendu bakar batean erabili ahalko ditu, erosketa bakar batean edo gehiagotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Merkataritza albisteak gaur Dirulaguntzak gaur