Ekonomia -
Manifestazioak
Eskubide Sozialen Kartak azaroaren 19an "bizitzaren garestitzearen aurka" mobilizatzeko deia egin du
Azaroaren 19ko manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Artiumetik Gasteizen, eta 17:30ean Iruñeko Baluartetik, Donostiako Boulevard Zumarditik eta Bilboko Jesusen Bihotzetik.
Agentziak | EITB Media
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak azaroaren 19an Hegoaldeko hiriburuetan "pobretze eta bizitzaren garestitze prozesuaren aurka" manifestatzeko deia egin du.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile eta sindikatuek agerraldia egin dute Donostian, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, "Pobretzeari Stop! Bizi-baldintza duinak eta prezioen kontrola orain!" lelopean.
Egungo egoera "jasanezina" dela eta, "inflazioaren gorakadarekin dagoeneko pairatzen ditugun egiturazko arazoak okertzen" ari direla salatu ostean, "zerbitzu publikoen murrizketei eta langileriaren pobretzeari, oro har, aurre egiteko" deia egin dute.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik "1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.260 euroko gutxieneko pentsioa", eskatu dute, "langileen lana duintzeko, biak ala biak benetako KPIarekin lotzeko".
Gainera, "energia eskubidea eta sektorearen publifikazioa eta produktu energetiko guztien kontrola" aldarrikatu dute, baita "trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko ibilbide-orria" ere.
Era berean, "zerbitzu publikoen defentsa, aberastasunaren bidezko banaketarako erreforma fiskala eta oinarrizko eskubide eta beharrak (elikadura, etxebizitza, pertsona guztien erregularizazioa edo garraio publikoa) bermatzeko hainbat proposamen", aldarrikatu dituzte.
Azaroaren 19ko manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Artiumetik Gasteizen, eta 17:30ean Iruñeko Baluartetik, Donostiako Boulevard Zumarditik eta Bilboko Jesusen Bihotzetik.
Horrez gain, ostegunean zerbitzu publikoen aldeko propaganda banatuko da, eta urriaren 26an energiari buruzko konferentzia egingo da Gasteizen.
Urriaren 27an, Bilbon eta Iruñean, tokiko produktuak bilduko dituen azoka bat egingo da, elikagaien subiranotasuna aldarrikatuz, eta azaroaren 3an, Donostian, "etxebizitza eskubidearen aldeko eta turistifikazioaren aurkako ekimena" egingo da.
Bestalde, azaroaren 10ean "diru-sarrera duinen aldeko" ekimenak izango dira. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak "herri honetan inor atzean gera ez dadin borrokatzeko" konpromisoa hartu du, eta "langile guztiei eta herri sektoreei deialdi horiekin bat egiteko" deia egin die.