Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Arabako ardoak bereiztearen aldekoa da Urtaran, "kantitatearen aurrean, kalitatea mimatzen dutelako"

Gasteizko alkatearen ustez, "gehiegizkoak" dira Arabako Mahastiak izendapenagatik Errioxako gobernuaren eta Jatorri Izen Kalifikatuaren erreakzioak. Alkategaia izango ote den galdetuta erantzun duenez, "laster EAJren ABBak bere proposamena iragarriko du. Besterik ezin dut esan".

Urtaran, Gasteizko estudioetan. Argazkia: EITB Media
Urtaran, Gasteizko estudioetan.
Urtaran, Gasteizko estudioetan. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea Arabako ardoak bereiztearen alde agertu da, atzo Jaurlaritzak Arabako Mahastiak jatorri izena baimendu zuela eta. Horren ustez, "gurea lurralde nahiko txikia da, eta ezin gara kantitatean lehiatu, baina bai kalitatean". "Gure ardoak mimo handiz eginak dira, mahats-mordo bakoitza tratatu, maitatu eta mimatzen dugu", erantsi du.

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, datuak eman ditu bere jarrera azaltzeko: "Arabako Errioxak 13.500 hektarea ardo ditu gutxi gorabehera; Errioxako Erkidegoak, aldiz, 40.000". Defendatu duenez, Arabako ardoak bereiztu behar dira, eta ildo horretan, Errioxako Izendapenaren barruan sor-marka propioa edukitzea egokitzat jo du, Bordelekoekin (Frantzia) egiten den bezala. Bestalde, Errioxako Nekazaritza kontseilariaren zein Errioxa Jatorri Izen Kalifikatua Arautzeko Kontseiluaren jarrerak "gehiegizkoak" direla esan du. "Hau ez da politika", azpimarratu du.

Udal hauteskundeetan Gasteizko Alkatetzarako EAJren hautagai izango ote den galdetuta, oso zuhur agertu da. "Laster EAJren ABBak bere proposamena iragarriko du. Besterik ezin dut esan", adierazi du, baina "oso lasai" dagoela gehituta.

Azkenik, Bernando Ciriza Nafarroako Lurralde Kohesiorako kontseilariak AHTaren eta Nafarroaren arteko loturaren inguruan egin dituen azken adierazpenez mintzatu da Urtaran. Cirizak atzo esan zuenez, lotura Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa) egiteak "ziurgabetasuna" eragiten du. Urtaranen irudiko "euskal herritarrei egindako iraina" dira adierazpenok. "Ezin dira konexioez mintzatu EAEko azpiegituran horrenbesteko atzerapena dagoenean", arrazoitu du. Aitortu duenez, Gasteizko alkate moduan berak nahiago du Arabako hiriburutik egitea lotunea, baina behin betiko erabakia "txosten teknikoen arabera" hartu beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Gorka Urtaran Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errioxako ardoa