Ekonomia -
LAGUNTZAK
Jaurlaritzak 100 euroko laguntzak emango ditu 3 eta 7 urte arteko hirugarren seme-alabatik aurrera
Oraindik dekretua ekarpenak jasotzeko eta osatzeko fasean badago ere, prestatzen ari diren zirriborroak hala jasotzen du.
EITB MEDIA
2023. urtetik, Jaurlaritzak, hilero, 200 euroko laguntza emango du 3 urte baino gutxiago duen seme-alaba bakoitzarengatik. Prestatzen ari den zirriborroaren arabera, baina, 100 euroko laguntzak emango ditu 3 eta 7 urte arteko hirugarren seme-alabatik aurrera.
Hala jasotzen da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak prestatu duen dekretu zirriborroan. Oraindik, baina, dekretua ekarpenak jasotzeko eta osatzeko fasean dago. Nolanahi ere, laguntzak 2023ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginarekin emango dira.
EAEko familia guztiek 7.200 euro jasoko dituzte seme alaba bakoitzeko, 200 euro hilean, lehen hiru urteetan. Horiei beste 4.800 euro gehituko zaizkie adin horretatik zazpi urtera arte, 100 euro hilean, familia ugarien kasuan. Guztira, euskal familia ugariek 12.000 euroko zuzeneko laguntza izango dute ondorengo bakoitzeko, zazpi urte bete arte.
% 33ko edo gehiagoko desgaitasuna eta mendetasun-egoera aitortuta duten haurren kasuan, laguntzak bikoiztu egingo dira.
Laguntzak unibertsalak izango dira, eta familia guztiei emango zaizkie, haien diru sarrerak edozein direla ere.