Itxi

Ekonomia

Hauteskunde sindikalak

ELAk irabazi ditu hauteskundeak Gasteizko Mercedes Benzen, UGT gaindituta

Agentziak | EITB Media

Gainera, joan den udan hitzarmena errefusatu zuen bloke sindikalak (ELA, LAB eta ESK) multinazionalaren zuzendaritzarekin sinatu zutenak (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM) gainditu ditu.

  • Gasteizko Mercedes-Benz. Irudia: EITB Media

    Gasteizko Mercedes-Benz. Irudia: EITB Media

ELAk irabazi ditu hauteskunde sindikalak Gasteizko Mercedes Benz lantegian, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez. Duela lau urte UGT gailendu zen.

Joan den udan hitzarmena errefusatu zuen bloke sindikalak, ELAk, LABek eta ESKk, gaur lortutako emaitzekin, multinazionalaren zuzendaritzarekin sinatu zutenak gainditu dituzte: UGT, CCOO, Ekintza eta PIM.

Langileen % 87,5ek parte hartu dute bozketan, eta ELAk 9 ordezkari lortu ditu batzordean; UGTk 6; LABek 5; CCOOk 4; ESKk 4 eta Ekintzak 1.

PIM, ordezkaritzarik gabe

PIMek aurreko batzordean 3 ordezkari zituen. Gaurko bozetan, ordea, ez du ordezkaririk lortu.

2018ko azaroan egindako azken hauteskundeetan batzordeko 31 kide aukeratu ziren, eta gaur 29 aukeratu dituzte beharginek, aurreko aldian baino langile gutxiago daudelako.

Orduan UGTk irabazi zuen 7 ordezkarirekin, ELAk adina; CCOOk eta LABek 4 kide lortu zituzten, eta Ekintzak, PIMek eta ESKk 3 ordezkari, hurrenez hurren.

Batzordearen buru ELAko Igor Gevara izan da. LABen eta ESKren babesa jaso zuen, baita CCOOko lau kideen abstentzioa ere. Gainerako sindikatuen hautagaien babes kopurua gainditu zuen Gevarak.

Bi bloke

Azken hilabeteetan bi bloke sindikal oso bereizi izan dira lantegian: batetik, UGT, CCOO, Ekintza eta PIM, eta bestetik, ELA, LAB eta ESK.

Lehenengoek joan den uztailean itxi zuten enpresako zuzendaritzarekin hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa, eta langileen % 57k babestu zuten, urte eta erdiko negoziazioen ondoren.

Erreferenduma lantegian tentsio handiko aste batzuen ondoren egin zen, eta bederatzi egunez gelditu zen ekoizpena greben ondorioz.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena