Ekonomia -

ARRANTZA

Europar Batzordeak txitxarroaren arrantza debekatu nahi du, eta legatzaren kuota % 10 handitu

Igande honetan hasiko da 2023rako arrantza kuotak zehaztuko dituen proposamenaren negoziaketa Bruselan, eta emaitza astelehenetik asteartera bitartean jakingo da.

Arrantza ontzia Donostiatik irteten. Argazkia: Xanti Esnaola Eskisabel
Arrantza ontzia Donostiatik irteten. Argazkia: Xanti Esnaola Eskisabel
Arrantza ontzia Donostiatik irteten. Argazkia: Xanti Esnaola Eskisabel

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko 27 arrantza ministroek 2023ko arrantza kuoten inguruko negoziaketei ekingo diete gaur. Euskal arrantzaleak adi dira negoziaketa horiei baina ez da bihar edo asteartera arte jakingo azken emaitza.

Europar Batzordeak egina du Harrapaketa Onargarri Kopuruak (TAC) ezartzen dituen proposamena. Horretan, mihi-arrainaren arrantza kuota % 11 gutxitzea planteatzen da, Kantabrikoko zigala % 36 gutxitzea, eta abaderoaren harrapaketa, % 10, Atlantikoan. Espainiako Gobernuak kopuru horiek aldatzea eta murrizketak txikiagoak izatea eskatuko du.

Bestalde, Europako Batzordeak legatzaren arrantza kuota % 10 igotzea aurreikusten du, azken 8 urteetan murriztuta egon ondoren. Izan ere, Itsasoaren Esploraziorako Nazioarteko Batzordeak ikusi du espeziea errekuperatu egin dela.

Arrazoi beragatik, itsas-zapoaren kuota ere % 12 igoko litzateke, eta itsas-oilarrarena, % 33. Aitzitik, txitxarroa arrantzatzeko debekua ezarriko litzateke, TAC 0 delakoa, alegia, espeziea ez dagoelako egoera onean.

Mediterraneoari dagokionez, 2022an baino % 7,5 egun gutxiago arrantzatzea planteatzen du Europak, baina Espainia ez dago ados.

Gainera, Espainiako Gobernuak konpentsazio mekanismoetan aurreikusten den portzentajea % 3ra arte igotzea eskatuko du, eta sare selektiboagoak erabiltzea defendatuko du.

Bestalde, aldaketa bat eskatuko du Espainiak Frantzia eta Portugalekin batera: orain arte, urtero egiten da espezien neurketa, eta horren arabera ezartzen dira kuotak, baina kuota horiek hainbat urterako izatea nahi dute, arrantzaleei nolabaiteko egonkortasuna emate aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Bizkaia Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza