Ekonomia -

Energia

"Energia garbi, merke eta mugagabea" sortzeko fusioan mugarri historikoa iragarriko du gaur AEBk

AEBko mendebaldean 10:00ak direnean (16:00etan, Euskal Herrian) jakinaraziko dute aurkikuntza. AEBko hedabideek aurreratu dutenez, lehen aldiz lortu dute kontsumitutako energia baino gehiago sortzea. Dena dela, merkaturatzeko hamarkada bat ala gehiago beharko da oraindik.

Lawrence Livermore National laborategiak iragarpenerako erabilitako irudia. Argazkia: @Livermore_Lab
Lawrence Livermore National laborategiak iragarpenerako erabilitako argazkia.
AEBk energia mugagabea eta garbia sortzeko aurrerapausoa iragarriko du

01:49

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Energia garbi, merke eta mugagabea", horixe lortu omen du AEBko Energia Departamentuak, eta aurkikuntza historiko horren nondik norakoak iragarriko ditu gaur, The Financial Times eta The Washington Post egunkariek aurreratu dutenez. Kalifornian egoitza duen Lawrence Livermore laborategi nazionalak egin du lorpena, lehen aldiz, fusio bidez kontsumitutako energia baino gehiago sortuta.

Iragarpena AEBko mendebaldean 10:00ak direnean (16:00etan, Euskal Herrian) egingo dute. Adituek diotenez, hala balitz, aurrerapen ikaragarria litzateke, izan ere, zientzialariek hamarkadak daramatzate, inbertsio milioidunak tartean, energia mota hori sortu nahian.

Eguzkiak energia sortzeko darabilen erreakzio nuklearra (fusioa) erreplikatzea da koxka. Gaur egun dugun energia nuklearrak fisioa du oinarri. Energia mota horrek hondakin erradioaktiboak sortzen ditu, eta arriskutsua da. Gainera, munduko energiaren % 10 baino ez du sortzen, txikikeria bat, ikatzarekin eta gasarekin alderatuta.

AEBko laborategi publiko horrek konfinamendu inertzial bidezko fusioa erabili du. Horren arabera, munduko laser indartsuenarekin hidrogeno plasmazko bola txiki bat bonbardatu dute, fusioa lortuz. Fusioaren bidez egindako erreakzioek ez dute karbonorik isurtzen, ezta hondakin erradioaktiborik sortzen ere. Are gehiago, diotenez, hidrogeno erregai katilu txiki batekin ehunka urterako argindarra izango luke etxebizitza batek.

Aurreratu dutenez, laserra elikatzeko 2,1 megajoule erabili zituzten erreakzioa lortzeko, baina ordainetan 2,5 megajoule energia sortu zuen laborategiak, betiere The Financial Times egunkariaren arabera. Hots, 0,4 megajoule gehiago.

Aurkikuntza aurrerapauso handia izango dela dirudi, baina urteak beharko dira oraindik energia mota hori merkaturatzeko. Hori horrela, ikusteke dago noiz izango den eskura erregai fosilak bazter utzi, eta klima aldaketa geldiarazteko beharrezkoa den energia garbi nahikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Joe Biden Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia iturriak gaur