Ekonomia -
ARRANTZA KUOTAK
Legatzaren kuota % 10 handitzea eta txitxarroarena 70.000 tonatik 3.200 tonara gutxitzea adostu du EBk
Bi eguneko negoziazioen ondoren, Europar Batasuneko Arrantza ministroek akordioa lortu dute 2023rako arrantza kuoten inguruan.
AGENTZIAK | EITB Media
Europar Batasuneko Arrantza ministroek 2023rako arrantza kuoten inguruko akordioa lortu dute bi eguneko negoziazioen ondoren.
Legatzaren kuota % 10 igotzea erabaki dute, azken zortzi urteetan murrizketak egin ondoren. Guztira, Espainiak 9.953 tona legatza arrantzatu ahal izango ditu 2023an. Berdela aurten baino % 20 gehiago harrapatu ahalko da, 29.439 tona guztira Espainian.
Sole Handiko (Ingalaterrako eta Eskoziako arrantzalekuak) itsas zapoaren kuota % 11 igoko da datorren urtean, eta eremu bereko itsas oilarrarena, % 14.
Mihi-arrainaren kuotari eutsi egingo zaio, nahiz eta Europako Batzordeak hasiera batean kuota % 11 gutxitzea proposatzen zuen.
Bestalde, txitxarroaren harrapaketa 70.000 tonatik 3.200 tonara murriztea adostu dute. Europako Batzordearen abiapuntua kuota zero edo TAC 0 delakoa zen, espeziea egoera txarrean dagoela argudiatuta.
Erresuma Batuarekiko negoziazioei dagokienez eta atunarekin lotuta, Espainiak lehen aldiz lortu ditu Erresuma Batuko uretara sartzeko baimenak.
Luis Planas Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak pozik hartu du akordioa, negoziazioa "luzea, konplexua eta zaila" izan dela onartu arren.