Ekonomia -

BASERRITAR PROFESIONALAK

Elikagai kateko desorekak salatu eta marjinak murrizteko eskatu die ENBAk banatzaileei eta saltokiei

Sindikatuak bertako elikagaiei aplikatzen zaien marjina apaltzea nahi du, baserritarrek jasotzen duten ordaina hobetzeko eta bertako elikagaien salmenta errazteko.

ENBAren agerraldia Euskadiko elikagai katean ematen diren desorekak salatzeko. Argazkia: ENBA
ENBAren agerraldia Euskadiko elikagai katean ematen diren desorekak salatzeko. Argazkia: ENBA
ENBAren agerraldia Euskadiko elikagai katean ematen diren desorekak salatzeko. Argazkia: ENBA

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ENBA Euskal Nekazarien Batasunak Euskadiko elikagai katean gertatzen diren desorekak salatu ditu gaur goizean. Testuinguru horretan, banatzaile kateei eta saltokiei eskatu die beren marjinak moderatzeko, batetik, baserritarrek gutxienez beren ekoizpen kostuak estaltzen dituztela bermatzeko; bestetik, bertako elikagaien salmenta areagotzeko.

Gaur goizean Donostian eskaini duten prentsaurrekoan, ENBAko ordezkariek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bizkortu dezala Behatokiaren lan martxa, argitaratu ditzala ekoizpen kostuen txostenak, eta distribuzioa eta saltokiak kontrola ditzala Elikagaien Katearen legea betetzen dela bermatzeko.

ENBAk egindako txostenaren arabera, saltokietan marjina handiak antzeman dira bertako elikagaiak eskaintzen diren prezioak behatuz gero: behietatik eratorritako okelan, % 33; behien esnean, % 45-55; supermerkatuko tomatean, % 45; gaztan, % 45-55; jogurtean, % 55; sagardoan, % 68; eztian, % 70; oilaskoan, % 70-80; Gernikako piperrean, % 73; denda tradizionaleko tomatean, % 75-85; sagarrean, % 87; eta letxugan, % 118.

Marjinetatik harago, ENBAtik azpimarratu nahi izan dute "ezkutuan edo itzalpean" gelditzen den beste kontu bat, komisioena. Beren esanetan, aipaturiko komisio horiek are gehiago murrizten dute baserritarrek eta beren enpresak eta kooperatibek jasotzen duten ordaina.

Bestalde, banaketa enpresei eskatu die bere marka zuriaren eta enpresako markaren arteko marjina ezberdinak alboratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Sindikatuak Elikagaiak gaur albisteak Nekazaritza albisteak