Ekonomia -
Krisia Nafarroan
Yolanda Barcinaren eta Roberto Jimenezen arteko tirabirak
Lehen desadostasuna gobernu ituna iragarri zuten prentsaurrekoan izan zuten.
David Perez
UPNren eta PSNren arteko itunak 11 hilabete baino ez du iraun, krisiaren aurka Gobernu "indartsu eta egonkorra" sortzea helburu izan bazuten ere.
Bi alderdiek tentsio une ugari izan dituzte azken urtean, baina, orain arte, enplegua sortzeko beharra elkarrekin jarraitzeko lekeda izan da.
Harremana hasiera-hasieratik izan da zaila. Horren ildotik, lehen liskarra gobernu ituna iragarri zuten prentsaurrekoan izan zuten, 2011ko ekainaren 21ean.
Hain zuzen ere, abortuaren puntua azaltzean etorri zen eztabaida: Roberto Jimenezek (PSN) iragarri zuen emakumeek abortatu ahal izango dutela Nafarroako osasun sistema publikoan, baina Yolanda Barcinak (UPN) ukatu egin zituen hitz horiek. "Ez da ezer aldatuko legean", ohartarazi zion, kazetarien aurrean.
Harrezkero, liskar gehienek murrizketekin izan dute zerikusia.
Maiatzean, Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzak iragarri zuen 54 milioi euroko murrizketak egin behar izango zituztela, defizit helburuak betetzeko. UPNk eta PSNk hainbat egunez negoziatu zuten, maiatzaren 11n akordioa sinatu zuten arte. Besteak beste, funtzio publikoan murrizketak egitea adostu zuten.
Handik gutxira, Gobernuak ohartarazi zuen zergen diru-bilketa % 13,5 jaitsi zela, eta, ondorioz, murrizketa gehiago egin beharko zituztela, 132 milioi eurokoak.
Sozialistak ez ziren ados agertu, eta murrizketa hori UPNk "kontsultatu gabe" erabaki zuela nabarmendu zuten. UPNren esanetan, ordea, Jimenezek oniritzia eman zion neurriari.
Bi alderdien arteko tentsioak ekainaren 7 arte iraun zuen. Egun horretan, Barcinak eta Jimenezek beste itun bat sinatu zuten. Akordioa, 132 milioi euroko murrizketei eustea egoera ekonomikoa sakon aztertu arte.
Azken txinparta atzo sortu zen. Kazetarien aurrean, Jimenezek salatu zuen altxortegiko benetako "zuloa" aitortutakoa (132 milioi euro) baino handiagoa zela, eta Barcinari berari leporatu zion.
Hori horrela, Foru Gobernuko presidenteak kargutik kendu du gaur goizaldean, eta PSNko kontseilariek eta kargudunek dimisioa aurkeztu dute.
Orain, UPN gutxiengoan geratu da, eta aukera guztiak zabalik daude Nafarroan.