Politika -
Krisia Nafarroan
Haustura Nafarroako Gobernuan: Eta orain, zer?
UPN gutxiengoan geratu da, eta giltza PSNk dauka.
Erredakzioa
Yolanda Barcina eta UPN gutxiengoan geratu dira Nafarroako Gobernuan, Roberto Jimenez sozialista presidenteorde kargutik kendu eta PSNko kargudun guztiek dimisioa aurkeztu eta gero.
Orain, hauteskundeak deitu edo gutxiengoan gobernatu erabaki beharko du Barcinak.
Bigarren aukera hautatuko balu, PSNk izango luke agintaldiaren giltza, paradoxa dirudien arren. Izan ere, PPNk Gobernua babestuta ere, Barcinak ez luke babes nahikoa izango ezustekorik gabe gobernatu ahal izateko.
UPNk eta PPNk ez dute gehiengo osoa (24 eserleku bien artean), baina bai, ordea, ezkerreko alderdiek (PSN, NaBai, Bildu eta Izquierda-Ezkerra), 27 eserleku batzen baitituzte.
Hori horrela, eta seguru aski PSNk unean uneko babesak emanez UPNren Gobernua babestea errefusatuko duela kontuan hartuta, sozialistek oposiziotik politika aldaketak sustatzea edo zentsura mozioa aurkeztea erabaki lezakete. Mozioa aurkezteko, noski, lehenik eta behin akordioa lortu beharko lukete oposizioko gainerako alderdiekin.
Oraingoz, "oposiziora" pasatuko direla baino ez dute baieztatu.