Ekonomia -
OPOSIZIO-LEHIAKETA
212 lanpostuko lan eskaintza publiko bateratua iragarri dute Ertzaintzan eta Udaltzaingoan
Ertzaintzarako 127 lanpostu izango dira eta gainerako 85an Udaltzaingorako. Izena emateko epea zabalik egongo da bihartik hasi eta ondoren 20 egun baliodunetan arkauteakademia.eus webgunean.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek 212 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) deialdi berria iragarri dute Ertzaintzan eta Udaltzaingoan. Bihar, asteartea, zabalduko da izena emateko epea Arkaute Akademiaren webgunean eta ondorengo 20 egun baliodunetan egongo da zabalik.
212 lanpostu horietatik 127 Ertzaintzarako izango dira, eta gainerako 85ak, EAEko 31 udalerritako Udaltzaingorako. Hautaketa probak amaitu aurretik eta gainditu dutenen zerrenda argitaratu aurretik lanpostu kopurua handitzeko aukera egongo da.
Ertzaintza: 127 lanpostu
40 urtean lehen aldiz Ertzaintzako trafiko unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko espezialitatea duten txanda libreko plazak aterako dira.
- Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 27 lanpostu. Guztiek B2 hizkuntza eskakizuna dute.
- Ikerketa Kriminala espezialitateko 50 lanpostu. Horietatik 40k B2 hizkuntza eskakizuna dute.
- Bide Segurtasuna espezialitateko 50 lanpostu. Horietatik 40k B2 hizkuntza eskakizuna dute.
Udaltzaingoa: 83 + 2 lanpostu
Euskal Autonomia Erkidegoko 31 udaletako udaltzaingoetako oinarrizko eskalarako 83 lanpostu eskainiko dira. Gehienetan B2 hizkuntza eskakizuna eskatzen dute.
Hauek dira udaltzain izateko lanpostuak eskaintzen dituzten 31 udalerriak: Amurrio (1 plaza), Andoain (3 plaza), Aretxabaleta (1 plaza), Arrasate (2 plaza), Arrigorriaga (1 plaza), Basauri (1 plaza), Bermeo (2 plaza), Bilbo (3 plaza), Donostia (1 plaza), Eibar (3 plaza), Errenteria (12 plaza), Etxebarri (1 plaza), Getxo (2 plaza), Gernika-Lumo (2 plaza), Gorliz (2 plaza), Hondarribia (1 plaza), Irun (5 plaza), Lasarte-Oria (3 plaza), Mungia (2 plaza), Pasaia (3 plaza), Portugalete (3 plaza), Santurtzi (8 plaza), Sestao (6 plaza), Sopela (2 plaza), Soraluze (1 plaza), Tolosa (1 plaza), Vitoria-Gasteiz (2 plaza), Zarautz (2 plaza) eta Zumarraga (8 plaza).
·UDALTZAINGO ZERBITZUAK: 2 plaza Zamudio eta Zizurkilerako, bi kasuetan Administrazio Publikoko nahitaezko 2. hizkuntza-eskakizuna dute.
Datak
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aurreikusitakoarena arabera, lehenengo hautaprobak aurtengo udaberrian hasiko dira, eta Euskal Poliziako agenteen promozio bateratu honetan lanpostua lortzen dutenen aurtengo udazkenean bertan hasi ahal izango du prestakuntza aldia. Gero, 2024an sartu ahal izango dira bakoitza dagokionb polizia kidegoan, praktika aldian.
Baldintzak
Deialdi hau da Euskadin altueraren baldintza kenduta egiten den lehenengoa. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadin emakume polizien kopurua igotzeko eta, modu horretara, plantilletako egungo desoreka zuzentzeko diseinatutako neurrietako bat da. Gainera, deialdiaren oinarrietan emakumeekin bete beharko diren plazen nahitaezko ehuneko bat ere jaso da: % 35 Ertzaintzaren kasuan eta % 25 Udaltzaingoan.
Bestalde, nahitaezkoa da, beste baldintza batzuen artean, 18 beteta eta 38 urte bete gabe izatea eta Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea.