Ekonomia -

EUSTAT

EAEk % 8,4ko langabezia tasarekin amaitu du 2022a, azken urtean puntu eta erdi behera eginda

Azken urtean okupatutako pertsona kopuruak gora egin du (17.100 gehiago), eta behera, ostera, langabeen kopuruak (15.000 gutxiago). Hala ere, hirugarren hiruhilekotik laugarrengora langabezia tasa puntu eta erdi igo da.

Gizon bat Lanbideren bulego baten aurrean. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon bat Lanbideren bulego baten aurrean
Gizon bat Lanbideren bulego baten aurrean. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urtean, 2021eko laugarren hiruhilekotik 2022ko laugarren hiruhilekora, Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasak 1,5 puntu egin du behera: % 9,9tik % 8,4ra, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur zabaldutako datuen arabera.

2019ko eta 2020ko datuekin alderatuta, langabezia datuek hobera egin dute. Izan ere, 2020. urtearen amaieran langabezia tasa % 11,4koa zen, neurri handi batean pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileen eraginez, eta 2019aren amaieran, ostera, % 9,5ekoa.

Era berean, azken urtea erreferentzia gisa hartuta, landunak 17.100 gehiago dira (EAE), eta, langabetuak, 15.000 gutxiago.

Hala ere, hirugarren hiruhilekotik laugarrengora, langabezia tasa puntu erdi hazi da. Gainera, aurreko hiruhilekoan baino 4.600 landun gutxiago zenbatu dituzte, eta, 6.100 langabe gehiago. Zehazki, okupazioak gora egin du lehen mailako sektorean eta eraikuntzan, eta behera industrian eta zerbitzuetan.

Urte amaieran, guztira, 88.500 langabe eta 962.600 landun zeuden EAEn.

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Bizkaian 5.200 langabe gehiago daude eta langabezia tasak % 0,9 puntu egin du gora, % 9,2raino. Arabak 14.300 langabe ditu, eta, bertan, langabezia 0,6 puntu hazi da, % 9ra arte. Gipuzkoa da langabezia tasa baxuena duen lurraldea (% 6,9) eta 200 langabe gutxiago erregistratu dituzte.

Hiriburuei dagokienez, langabeziak, Bilbon, gora egin du, eta 3.900 langabe gehiago daude, baita Gasteizen ere, 1.100 gehiago baitaude. Donostian, berriz, langabeziari dagokionez ez da apenas aldaketarik egon aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren arabera, 2022ko azaroan Europar Batasuneko langabezia tasa % 6koa izan zen eta Espainiakoa % 12,4koa.

Ekonomiaren hazkunde datuak aintzat hartuta zenbaki koherenteak dira, Eusko Jaurlaritzaren arabera

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azaldu duenez, datuak koherenteak dira laugarren hiruhilekoko ekonomiaren hazkunde zenbakiekin. Eustatek urtarrilaren 16an aurreratutako datuaren arabera, euskal ekonomia % 4,3 hazi zen 2022an aurreko urtearekin alderatuta. Dena dela, 2022ko hirugarren hiruhilekotik laugarren hiruhilekora hazkundea moteldu egin zen (% 0,4).

Ekonomia eta Ogasun Sailak bidalitako ohar batean laugarren hiruhilekoko datuak baloratu ditu sailburuak. Horren esanetan, laugarren hiruhilekoko enpleguaren beherakadak eta langabeziaren hazkunde txikiak zerikusia dute azken hiruhilekoetan ikusten ari den ekonomiaren dezelerazio txikiarekin, eta, batez ere, EAEko lan merkatuaren urtarokotasun ereduarekin. Gaineratu duenez, "aurreko urtean ikusitakoaren errepikapena da: lehen, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan enpleguan hobekuntzak eta langabezian jaitsierak izan dira, eta laugarren hiruhilekoan jaitsierak okupazioan eta igoera langabezian".

Horregatik, sailburuak adierazi duenez, garrantzitsuena da 2021eko eta 2022ko batez bestekoen analisia egitea. "Horiek lan merkatuaren sendotasunaren ideia fidagarria ematen digute, urtarokotasun koiuntura edozein dela ere", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bilbon? Donostia Langabezia Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE Lana berriak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Eustat gaur