Ekonomia -

Espainiako Gobernua

Gutxieneko soldata 1.080 eurora igotzea onartu du Ministroen Kontseiluak

Horrela, Espainiako Gobernuak bete egin du legealdiaren amaieran 2023ko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata batez besteko soldataren % 60an kokatzeko konpromisoa.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.080 eurora igotzea 14 ordainsaritan, Espainiako Gobernuak, CCOOk eta UGTk adostuta. Neurriak atzeraeragina izango du urtarrilaren 1etik aurrera.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteburuan Malagan baieztatu zuen LGSren Errege Dekretua aste honetan iritsiko zela Ministroen Kontseilura, otsailaren 9an, iragan ostegunean, entzunaldi eta informazio publikorako epea amaitu ostean.

Horrela, Espainiako Gobernuak legealdiaren amaieran bete du 2023an lanbide arteko gutxieneko soldata batez besteko soldataren % 60an kokatzeko konpromisoa. Gainera, ez da baztertzen Exekutiboak eta gizarte-eragileek urte erdi barru gutxieneko soldata berriro berrikustea, behar izanez gero inflaziora egokitzeko.

Espainiako turismo sektorea izango da igoera horren onuradun nagusietako bat. Aldi baterako eta sasoikako langileen kasuan, enpresa berarentzat lanean 120 egunetik gora eman ezean, soldataren zenbatekoa ezin izango da 51,15 eurotik beherakoa izan jarduneko legezko lanaldi bakoitzeko.

Orduko lan egiten duten etxeko langileen kasuan, lan egindako ordu bakoitza 8,45 euroan ordainduko da 2023an, ordainsari-kontzeptu guztiak, aparteko haborokinak, atsedenaldiak eta oporrak barne hartuta.

% 8ko igoera hori 2019tik izan den handiena da, orduan Espainiako Gobernuak % 22,3 handitu baitzuen gutxieneko errenta hori. 2020an, igoera % 5,6koa izan zen, eta 2021ean luzatu zen, harik eta urte horretako irailean % 1,6ko igoera berri bat onartu zen arte, hil horren 1etik 2021eko abenduaren 31ra arte aplikatu beharrekoa. 2022an, lanbide arteko gutxieneko soldatak % 3,6ko igoera izan zuen, eta 1.000 eurokoa izan zen 14 ordainsaritan.

Edozein kasutan, ELA sindikatuak ohartarazi du lanbide arteko gutxieneko soldatak ez duela bermatzen Europako Gutun Sozialak ezarritakoa. Azaldu duenez, EAEn gutxieneko soldata jasotzen duten 55.000 langileen kasuan (ez dago Nafarroako datu ofizialik) 1.400 euro jaso beharko lituzkete. Are gehiago, Hego Euskal Herriko langileak Europak ezarritako batez besteko soldataren azpitik geldituko dira eta erosteko ahalmena galtzen jarraituko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Soldatak