Ekonomia -
Bankuen erreskatea
Erreskatea astelehenean eskatuko dutela esan du De Guindosek
Ekonomia ministroak, halaber, esan duenez, eskaeran ez da agertuko zehatz-mehatz zenbat milioi behar duten.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroak jakinarazi duenez, astelehenean bidaliko dute Eurotaldeari banku espainiarrak erreskatatzeko eskaera ofiziala, baina bertan ez dute zehaztuko diru maileguaren zenbatekoa zein izango den. Espainiako Finantza sistemak gehienez 62.000 milioi euro behar dituela jakinarazi zuten atzo aholkularitza enpresek.
De Guindosen arabera, finantza erakundeak zuzenean kapitalizatzea, Estatuaren eskuetatik pasa gabe, "erabat irekita dagoen aukera da".
"Berehala egingo dugu eskaria, Madrilera iristerako, gutuna bidaltzeko prest egongo da", adierazi du Ekonomia ministroak Ecofinen bilerara iritsi denean.
BEZaren igoera
Espainiako Ekonomia ministroak ez du argitu nahi izan BEZ zerga igotzeko asmoa ote duen, nahiz eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Europako Batzordeak hori eskatu.
Ministroak azaldu duenez, "Europako Batzordeak azpimarratu egin ditu Espainiak zergak egonkortzeko eta egiturazko erreformak egiteko egindako esfortzua".