Ekonomia -

NAFARROA

87 milioi euroko inbertsioa egingo dute hidrogeno berdea ekoizteko Zangozan martxan jarriko duten plantan

AccionaPlug sozietateak abian jarriko duen proiektuak 500 lanpostu —zuzenak eta ez zuzenak— sortuko dituela esan dute arduradunek. Urtean, batez beste, 3.880 tona hidrogeno berde sortzea aurreikusten dute.

Chivite, Irujo eta Blanco, gaurko aurkezpenean. Argazkia: EFE
Chivite, Irujo eta Blanco, gaurko aurkezpenean.
Chivite, Irujo eta Blanco, gaurko aurkezpenean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak foru erkidegoaren interesekotzat joko du AccionaPlug sozietateak hidrogeno berdea ekoizteko Zangozan abian jarri nahi duen planta. 87 milioi euroko inbertsioa egingo dute bertan. "Karbono isuriak murrizteko ekonomia berriaren bidean aitzindaria izango da, herrialde osoko industriak jarraitu beharreko eredua".

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak gaur goizean Acciona Energia enpresak Iruñean duen egoitzara egindako bisitan egin ditu adierazpenok. Horren arabera, Zangozan eraikiko den lantegia "estrategikoa" izango da, ez bakarrik egin den "inbertsioagatik", baita "inguruko hainbat enpresa energia garbiz hornituko dituelako".  Halaber, Zangoza "berrikuntzaren mapan" kokatuko duela erantsi du.

Hitzaldian, Chivitek eskerrak eman dizkie Zangozako proiektuaren arduradunei, Nafarroa aukeratzeagatik euren proiektua garatzeko. Gaineratu duenez, "erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko" enpresei "irtenbide bideragarriak" eskaintzeko "konpromiso irmoa" du bere Exekutiboak. "Hidrogeno berdea da irtenbide horietako bat", zehaztu du.

Goizean egindako bisitan, besteak beste, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria eta AccionaPlugeko hainbat goi-kargudun izan dira Chiviteren alboan.

Aurkezpenean emandako datuen arabera, AccionaPlug sozietateak Zangozan abian jarriko duen proiektuak 500 lanpostu —zuzenak eta ez zuzenak— sortuko ditu, eta urtean, batez beste, 3.880 tona hidrogeno berde ekoiztea da asmoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Ingurumena Enpresaburuak María Chivite Hidrogeno berdea Energia iturriak