Ekonomia -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata 1.400 eurora igotzea aldarrikatu du EH Bilduk

Horretarako enpresarien eta sindikatuen arteko akordio interprofesional bat egitea eskatu du. Halaber, enplegu politika pasiboak eskualdatzeko beharra nabarmendu du.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. EFE
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. EFE
Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.400 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzea eskatzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzak gai honetan duen "lidergo falta" kritikatu du, "borondate politiko" kontua delakoan.

Gaur goizean Gasteizko ganbaran egindako prentsaurrekoan, Arkaitz Rodriguez legebiltzarkideak aurkeztu ditu datorren osteguneko osoko bilkuran eztabaidatuko duten mozioaren nondik norakoak.

Azaldu duenez, "hemengo errealitate soziekonomikora egokitutako" lanbide arteko gutxieneko soldata bat ezartzea proposatuko du, Europako Eskubide Sozialen Gutunaren gomendioari jarraituz.  Horren arabera, bataz besteko soldataren % 60koa izan beharko litzateke eta, hori aintzat hartuta, EH Bilduk kalkulatu du zenbatekoa 1.400 eurokoa izan beharko litzatekeela.

EH Bilduk "elkarren osagarri" diren bi bide alternatibo proposatu ditu. Rodriguezen esanetan, enplegu politika pasiboak eskualdatzea eskatu nahi dute, eta "patronalak eta sindikatuek, negoziazio kolektiboaren bidez", EH Bilduk proposatzen duenaren ezaugarriak dituen gutxieneko soldata bat ezartzeko lanbide arteko akordio bat bultzatzea.

Rodriguezen iritziz, pozgarria da Espainiako Gobernuak berriki gutxieneko soldata 1.080 eurora igo izana, baina ez da nahikoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako. "Hemen, batez besteko soldata Espainiako Estatukoa baino % 20 inguru altuagoa da eta bizitza ere % 20 inguru garestiagoa", gaineratu du.

EH Bilduko legebiltzarkideak uste du eskumenik gabe ere ezarri daitekeela gutxieneko soldata, baldin eta borondate politikorik badago. "Uste dugu Gobernuak zeresan handia duela eta jarrera proaktiboa eta lidergoa izan behar dituela aldeei horrelako akordio bat eskatzeko", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak Ekonomia 2024 EH Bildu Araba Eguneko albisteak Eguneko albisteak Sindikatuen albistea Enpresak Gutxieneko soldata