Ekonomia -

Lan gatazka

Bertan behera geratu da Osasunbidean deitutako greba, LABek eta UGTk Gobernuarekin akordioa itxi ostean

Bi sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, "hobekuntza laboral eta ekonomikoak" sinatu dituzte, tartean "karrera profesionala garatzea eta langile guztiei jaiegun bereziak ordaintzea".

Osasunbideko profesionalen protesta bat. Argazkia: @LABsindikatua
Osasunbideko profesionalen protesta bat.
Osasunbideko profesionalen protesta bat. Argazkia: @LABsindikatua

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB eta UGT sindikatuek bertan behera utzi dute Osasunbidean ostegunerako, hilaren 23rako, deituta zegoen greba. Bi sindikatuok akordioa lortu dute Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin, eta intersindikalean gehiengoa dutenez, lanuzte deialdia bertan behera utzi dute. Gainerako sindikatuak (CCOO, ELA eta SAE) akordiotik kanpo geratu dira. 

Bi sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, "hobekuntza garrantzitsuak" sinatu dituzte antolakuntza eta ekonomia arloan. Zehazki, jaiegun berezietan lan egiteagatik behargin guztiek, titulazioa gorabehera, ordainsari bera jasotzea adostu dute (ordu bakoitzeko 22 euro) eta osasun langile guztien karrera profesionala garatzea. Halaber, "berehala" lantalde bat eratzea erabaki dute, Lehen Arretaren zein Arreta Espezializatuaren plantillaren beharrak eta lan gainkargak aztertzeko. Esklusibotasunak indarrean jarraituko du. 

Akordioak akordio, biek ala biek ohartarazi dute "adi" egongo direla Osasun Departamentuak hartutako konpromisoak bete ditzan, "luzamendutan ibili gabe". "Ez dugu onartuko langile guztientzako lan hobekuntzak eragotziko dituen negoziazio korporatibista gehiagorik", iragarri dute.

ELAk (akordiotik kanpo geratu da) oharra kaleratu zuen atzo. Horren arabera, Santos Indurainen azken eskaintza "ez da nahikoa eta zehaztasunik gabekoa da". Sindikatu horren arabera, "argi dago ez dela inolako bermerik eskaintzen karrera profesionala ezartzeko", eta gainerako edukiak ere "zehaztasunik gabekoak dira edo planteatu ere ez dira egiten, soldata igoera orokorra kasu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Sindikatuak UGT Lan gatazkak Osasunbidea