Ekonomia -

ORDENAGAILU KUANTIKOA

Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 120 milioi euro inbertituko dituzte teknologia kuantikoetan 2028ra arte

Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkio IBM multinazionalari bere seigarren ordenagailu kuantikoa Donostian jartzeagatik.

Urkullu lehendakaria hiru ahaldun nagusiekin eta IBMko ordezkariekin batera. Argazkia: EFE
Urkullu lehendakaria hiru ahaldun nagusiekin eta IBMko ordezkariekin batera. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu, Basque Quantum proiektuaren aurkezpenean: ''Hoberenen artean kokatuko gara''

1:20

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek 120 milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte teknologia kuantikoetan, 2028ra arte, Basque Quantum aliantzaren baitan.

Basque Quantum proiektuak hainbat ekintza aurreikusten ditu, besteak beste, Ikerbasque eraikin berria, DIPC eraikin berria, Ikerketa-laborategi berriak, IBM-Euskadi Quantum Center, Nazioarteko ikerketa proiektuak eta zentroak erakartzeko programa, Hezkuntza programak eta talentua erakartzeko programak indartzea, Kuantikari lotutako berrikuntza publikoa eta pribatua bultzatzea Europa hegoaldean.

Ikerbasqueren Donostiako etorkizuneko eraikinean kokatuko da, hain zuzen ere, IBM teknologia enpresaren munduko seigarren superordenagailu kuantikoa. Gaur egun, era honetako bost ordenagailu ditu munduan (Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian, Japonian, Kanadan eta Hego Korean); beraz, Gipuzkoako hiriburukoa seigarrena izango da.

Iragan astean IBMk eta Ikerbasque Fundazioak sinaturiko akordioak 50,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du Eusko Jaurlaritzaren finantzazioaren bitartez. Zenbateko horri foru aldundiek proiektua beren lurraldeetan garatzeko helburuarekin egingo duten ekarpena gehitu behar zaio, bai azpiegiturak eraikitzeko eta baita ikerketa beharrei erantzun ahal izateko ere. Guztira, Basque Quantum proiektuak 120 milioi eurotik gorako zuzeneko inbertsioa aurreikusten du 2028ra arte.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, Basque Quantum aliantzaren aurkezpen ekitaldia izan da gaur goizean Donostian, hiru ahaldun nagusiak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta IBMko ordezkariak bertan zirela.

Urkulluk bere hitzaldian azpimarratu duenez, Euskadik bere ezagutza jarriko du ordenagailu kuantikoaren teknologia garatzeko helburuarekin. "IBMk Euskadiren alde egindako apustua gure zientzia, teknologia eta berrikuntza sistemari egindako aitorpena da", gaineratu du.

Lehendakariak onartu du zaila dela ordenagailu kuantikoak etorkizunean ekarriko duena aurreratzea. Edonola ere, etorkizun horretarako prest egon behar dela nabarmendu du.

Bestalde, IBM Researcheko mundu mailako zuzendariak adierazi du Euskadi konputazio kuantikoaren Silicon Valley izango dela: "Euskadi Silicon Valley bezain garrantzitsua izango da konputazio kuantikoaren historian".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Donostia bideoak Iñigo Urkullu Albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak