Ekonomia -

Lan gatazka

Sindikatuek greba deitu dute Osakidetzan maiatzaren 18 eta 19rako

ELA, Satse, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuen iritziz, "osasun publikoaren arazoak egiturazkoak dira" eta horiek "berehala" konpontzeko "borondate politikoa" eskatu diote Osasun Sailari.

Ordezkari sindikalak, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: @ELAsindikatua
Ordezkari sindikalak, gaurko prentsaurrekoan.
Sindikatuek greba deitu dute Osakidetzan maiatzaren 18an eta 19an

2:46

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, Satse, LAB, SME (Euskadiko Sendagileen Sindikatua), CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu dute Osakidetzako sare guztian maiatzaren 18 eta 19rako "osasungintza publikoaren desegitea" salatzeko, eta Osasun Sailari "borondate politikoa" galdegiteko Osakidetzaren "egiturazko arazoen" aurrean "berehalako konponbide sakonak" har ditzan. 

Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon mobilizazioak iragartzeko. "Osakidetzak bizi duen egoera larria eta negoziazioaren blokeoa" salatu eta Osasun Sailaren jarrera kritikatu dute, "gor eta mutu jarraitzea" erabaki duelako "kaleko aldarrien aurrean" —otsailaren 25ean manifestazio jendetsuak izan ziren EAEko hiru hiriburuetan—. 

Gehiengo sindikalaren arabera (ESK deialditik kanpo geratu da), Lehen Arretaren egoera "bereziki larria" da, eta horren aurrean, Osasun Sailak "murrizketak egiten jarraitu beste planik ez du". Horren erakusle dira, euren ustez, Etengabeko Arretako Gune (EAG) batzuen itxierak eta oporraldietako ordutegi murrizketak urte osora zabaltzeko agertutako asmoa.

Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailarentzat, "profesionalen faltaren mantra aitzakia ezin hobea" bihurtu da "beste egoera batzuetan justifikatzen oso zailak izango liratekeen neurriak abian jartzeko", sindikatuen ustez. Gaineratu dutenez, egoera are gehiago okertuko da datozen urteetako erretiroak gauzatzen direnean. "Osakidetzaren plana da horren aurrean ezer ez egitea", salatu dute.

Era berean, langileei "tratu txar sistematikoa" ematea egotzi diote Osakidetzaren zuzendaritzari, eta egoera "gero eta prekarioagoa" dela salatu dute. Ondorioz, herritarrei ematen zaien arreta ere "gero eta prekarioagoa da", euren aburuz. 

Testuinguru horretan, Mahai Sektorialak "erabat blokeatuta" jarraitzen duela azaldu dute. Osakidetzako zuzendaritzak "sindikatuek planteatutako gaiak tratatzeari eta negoziatzeari uko egiten dio sistematikoki", horien arabera. Hori horrela, "mobilizazioetako bidea besterik ez" diela utzi uste dute. 

"Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dira horiek konpontzeko. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko", aldarrikatu dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza ELA LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Sindikatuak Erizaintza CCOO UGT Lan gatazkak