Ekonomia -
Greba Hezkuntzan
Sindikatuek arrakastatsutzat jo dute greba, baina Nafarroako Gobernuaren arabera % 21eko jarraipena izan du
Lanuztea deitu duten sindikatuei erantzunez, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak adierazi du sarri hitz egin dutela haiekin. "Urtarriletik gaur arte hamaika bilera egin ditugu", esan du.
Agentziak | EITB Media
Astelehen honetarako Nafarroako hezkuntza publikoan greba deitu duten sindikatuen (LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT) arabera, "arrakastatsua" izan da gaurko mobilizazioa, eta lan baldintzen hobekuntza negoziatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Grebaren kariaz, Iruñean, lau zutabetan banatu dute manifestazio nagusia, eta Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean batu dira guztiak.
"Negoziazioa orain", "Kalitatezko hezkuntza publiko baten alde", "Lan berdina, baldintza berdinak", "Bereizketarik ez" eta "Egonkortasuna! Kalitatezko Hezkuntza" dira pankartetan irakurri diren mezuetako batzuk, eta "Gastu militarra eskola eta ospitaleentzat", "Behin-behineko enpleguak porrota dakar" eta antzekoak oihukatu dituzte manifestariek.
Elkarretaratzean, UGTko Isabel Fernandezek komunikabideen aurrean azaldu du otsailaren 15ean egindako grebak ez duela fruiturik eman, eta horregatik deitu zutela bigarren lanuzte hau.
"Zuhurrak izan behar gara, baina baliteke gaurko lan etenaldiak % 50 inguruko jarraipena izatea, eta horrek esan nahiko luke deialdia oso arrakastatsua izan dela", esan du.
"Arrakasta da, halaber, ehun bat zentrok gure aldarrikapenekin bat egin izana", azpimarratu du.
Jarraipena % 21,3koa, Gobernuaren arabera
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, bere aldetik, grebaren jarraipena % 21,3koa izan dela adierazi du. Argitaratu dituzten datuen arabera, 13:00etan sare publikoko 2.024 irakaslek (1.440 emakumek eta 585 gizonek) egin dute bat deialdiarekin.
Haur Hezkuntzan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzetan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan aritzen diren 11.033 irakasleetatik 1.536k (% 14,1ek) gutxiengo zerbitzuak bete behar zituzten. Gainerako 9.497 irakasleetatik 2.024 (% 21,3) izan dira grebarekin bat egin dutenak.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren hitzetan, sindikatuekin "sarritan" hitz egin ohi dute.
Eman dituen azalpenen arabera, urtarriletik, 11 aldiz bildu dira unibertsitatez kanpoko irakasleen mahai sektorialarekin. "Horietan sindikatuek ez dute soldata igoeraren gaia atera, badakitelako mahai orokorrera mugatzen den gaia dela", azaldu du.
Ratioen gaian eta behin-behinekotasunaren alorrean lortu dituzten aurrerapenak azpimarratu ondoren kontseilariak zehaztu duenez, "mahai sektorialean dauden sindikatu guztiek ez dute greba honekin bat egin". Grebarako eskubidearekiko "errespetu osoa" agertu du, baina "Hezkuntzak ez du presioak bultzatuta jokatzen, arrazoiak bultzatuta baizik", argitu du.