Ekonomia -
EUSTAT
EAEko langabezia tasa % 8,7ra igo da lehen hiruhilekoan
Azken urteko datuei erreparatuta, 5.600 landun gehiago izan dira, eta 3.800 langabe gutxiago, Eustaten datuen arabera.
O. A. | EITB Media
Langabezia tasa % 8,7ra igo da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urteko lehen hiruhilekoan, 2022ko laugarren hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago. Azken urtean, langabezia tasa 2022ko lehen hiruhilekoko % 9,1etik 2023ko lehen hiruhilekoko % 8,7ra jaitsi da, % 0,4 puntu gutxiago.
Hiruhileko honetan 92.100 langabe eta 960.800 landun zenbatu dituzte, 2022ko laugarren hiruhilekoan baino % 0,2 gutxiago. Azken urtean, 5.600 landun gehiago izan dira, eta 3.800 langabe gutxiago.
EAEko lan merkatuaren 2023ko lehen hiruhilekoko datuen arabera, aurreko hiruhilekoan baino 2.100 landun gutxiago eta 2.300 langabe gehiago daude, Eustatek zabaldu dituen datuek erakutsi dutenez.
Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa % 56,3koa izan da 2023ko lehen hiruhilekoan, aurrekoan baino 0,1 puntu txikiagoa.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, aurreko hiruhilekoaren aldean, Bizkaian 4.400 landun gutxiago zenbatu dituzte; Gipuzkoan, 200 gutxiago, eta Araban, ostera, 2.500 landun gehiago. Hiriburuko datuei erreparatuz gero, Bilbon 200 landun gehiago daude; Donostian, 1.700 gehiago, eta Gasteizen, 2.300 gehiago.
Okupazioaren beherakadarik handiena emakumeen artean gertatu da (–1.300), 800 gizon gutxiago baitaude lanean. Landuenen nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten landunak 1.500 gutxiago izan dira, eta atzerriko nazionalitatea dutenak, berriz, 500 gutxiago (–% 0,1).
Okupazioak gora egin du industrian eta zerbitzuetan, eta behera lehen sektorean eta eraikuntzan
EAEn 5.000 landun gutxiago zenbatu dituzte eraikuntzan (-% 8,5) eta 1.100 gutxiago lehen sektorean (-% 11,8). Aitzitik, industrian eta zerbitzuetan landunen kopuruak gora egin du, 400 eta 3.600 gehiago baitira, hurrenez hurren.
Okupazio tasa, 16 eta 64 urte bitarteko landunen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean kalkulatuta, % 0,6 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoaren aldean, % 69,1ekoa izan baita. Tasa hori % 72,4koa da gizonen artean, eta % 65,9koa, berriz, emakumeen artean.