Krisi Ekonomikoa -
Osakidetza
Lehendakaria: 'Rajoyren murrizketek osasun-eskaleak sortuko dituzte'
Patxi Lopezen hitzetan, gauzak dauden moduan uzteko "dirua" beharko dute eta, horretarako, "zerga sistemaren erreforma" beharrezkoa izango dela esan du.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sisteman Rajoyren Gobernuak iragarritako murrizketak ez dituela aplikatuko berretsi du Patxi Lopez lehendakariak. Hala ere, gauzak dauden moduan uzteko "dirua" behar dutela onartu du eta, horretarako "herri honetako eztabaida fiskala irekitzea" nahitaezkoa izango dela gaineratu du.
Lopezen hitzetan, Espainiako Gobernuak herritarrak "osasun-eskale" bihurtu ditu, eta Jaurlaritzak "ez du hori onartuko".
"Urteetan, Osakidetza gure zerbitzurik preziatuena izan da. Gure Osasun sistemarekin oso harro gaude eta ona da Euskadin murrizketak ez aplikatzea. Hala ere, diru-bilketa handitzeko kriterioak martxan jarri beharko ditugu Osakidetza bere horretan mantentzeko", azaldu du.
Patxi Lopez Debagoieneko ospitalearen berrinaugurazioan egon da, Rafael Bengoa Osasun sailburuarekin batera. Duela bi aste ireki zituen ateak, Arrasaten.
Hospitale horrek eskualdean bizi diren 66.000 laguni emango die zerbitzua eta, besteak beste, sei ebakuntza gela, endoskopia unitate berri bat eta erditze naturalean laguntzeko baliabideak ditu. Osakidetzak aurrenezko eskainiko du uretan erditzeko bainuointzi bat.
Lehendakariak esan du ez dagoela prest 30 urteko ahaleginari esker lortu duten Ongizate Estatua "suntsitzen uzteko". Ez du begi onez ikusten Osasun sistema "puzzle baten moduan zatitzea".
Hala ere, Jaurlaritzak dirua beharko duela eta, horretarako, "zerga erreforma" egitea beharrezkoa izango dela azpimarratu du Patxi Lopezek.
Lopezen hitzetan, Osakidetzak ematen dituen zerbitzuak ezin izango lirateke eskaini Euskadiko Osasun sistema "ahulduz" gero. Horregatik, "zerga sistemaren erreforma" beharrezkoa dela esan du.