Ekonomia -
Lan gatazka
Justiziako funtzionarioen grebak % 80ko jarraipena izan du sindikatuen arabera eta % 44koa Gobernuaren ustez
ELA eta LAB sindikatuek Estatuko funtzionarioek deituta zuten geldialdi mugagabearekin bat egiteko deia egin zieten EAEko funtzionarioei. Dituzten baldintzak "EAEko Admministrazio Orokorreko taulekin parekatzea" eskatzen dute.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioek bat egin dute Estatuan deituta zegoen greba orokorraren deialdiarekin. Jarraipenaren datuak oso ezberdinak dira: ELA eta LAB sindikatu deitzaileek % 80ren bueltakoa dela esan dute; Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, ordea, % 44koa izan da.
Estatu osoko Justizia Administrazioko 45.000 funtzionario inguru gaurtik aurrera greba mugagabea hastera deitu zituzten sindikatuek. ELA eta LAB sindikatuek deialdi horrekin bat egin zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden EAEko Justizia Administrazioko 2.000 langileri zabaldu zieten geldialdia egiteko deia.
Josu Simal ELAko ordezkariak agentziei azaldu dienez, "jarraipena oso zabala" izan da, % 80ren ingurukoa. Gipuzkoan eta Bizkaian gehiago nabaritu dela azpimarratu du, eta Araban, berriz, apalagoa izan dela.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailak honako datuak eman ditu: greba egin dute Bizkaiko 1.143 funtzionarioetatik 475ek, Gipuzkoako 587etatik 287k eta Arabako 312tik 141ek. Datu horien arabera, langileen % 44,2k egin dute bat mobilizazioarekin.
Grebaz gainera, informazioa zabaltzeko batzarrak egin dituzte langileek. Horietan adostu dutenez, manifestazioa egingo dute ostegunean, maiatzaren 25ean, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan hasi eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiraino.
EAEko Justizia Administrazioko funtzionarioek "Administrazio Orokorreko taulekin bat egitea" eskatzen dute. Hain zuzen ere, "eskubide hori 2012an, Idoia Mendia Justizia sailburu zenean, onartu behar ziguten", zehaztu dute. Bat-egite horrek soldatak % 12 eta 13 artean igotzea ekarriko luke.
Horrez gainera, besteak beste, genero indarkeriako epaitegietan lan egiten dutenentzat "plus berezi bat" eskatzen dute, epaitegi horretan "prozesuek dituzten zailtasunak eta lan-jardunaldian dituen eraginak" direla eta.