Ekonomia -
Dependentzia legea
Menpeko senitarteko bat zaintzen dutenen laguntza % 15 jaitsiko dute
Halaber, oinarrizko ezagutza batzuk eskatuko dizkiote zaintzaileari, ordainsaria jasotzeko. Ostiralean Ministroen Kontseiluan jorratuko duten erreforma azaldu die Osasun ministroak Erkidegoei.
Erredakzioa
Rajoyren Gobernuak aldaketak ezarri nahi ditu dependentziaren legean, senitartekoen zainketaren aurrean profesionalek egindako zainketari lehentasuna emanez. Hala, % 15 jaitsiko dute menpeko senitarteko bat zaintzen dutenen diru-laguntza, eta oinarrizko ezagutza batzuk eskatuko diote zaintzaileari, ordainsaria jasotzeko. Halaber, aurrerantzean Gobernuak ez du bere gain hartuko gizarte segurantzan izena ematen duten zaintzaile berri ez profesionalen kotizazioa.
Hauek dira Ana Mato Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetarako eta Berdintasuneko ministroak erkidegoetako ordezkariei astearte honetan azaldu dizkien neurri berriak. Ostiralean Ministroen Kontseiluan jorratuko dute erreforma-proposamena, eta litekeena da aurrera egitea.Matok azaldu duenez, dependentzia, orain arte, ''jasangaitza zen, eta premiazkoa zuen aldaketa'', azken urteotan sistema ''gainezka'' egon delako. Horren harian, ministroak esan du 300.000 bat lagun daudela oraindik itxaron zerrendan.Dependentzia mailak oinarrizko hiru gradutan banatu nahi dituzte aurrerantzean, eta erabiltzaileek ordaindu behar duten zenbatekoa errentaren eta ondasunen arabera ezarri nahi dute.