Ekonomia -
Lan gatazka
Bilboko suhiltzaileek greba deitu dute uztailaren 1, 6, 7 eta 8rako
Frantziako Tourraren irteerarekin eta BBK Live jaialdiarekin batera egingo dituzte lanuzteak. ELAk, LABek eta CCOOk Udalaren "kudeaketa txarra" salatu dute, eta eguneroko lan baldintzak argituko dituen barne araudia eskatu.
Agentziak | EITB Media
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek greba egitera deitu dituzte Bilboko suhiltzaileak; Frantziako Tourraren irteeran, uztailaren 1ean, eta BBK Live jaialdian zehar, uztailaren 6an, 7an eta 8an.
Lanuzteekin, deialdia egin duten zentralek salatu nahi dute Udalak "kudeaketa txarra" egin duela azken urteotan, parkeen "gabeziei" eta plangintzarik ezari dagokienez. Era berean, kexu dira batzuetan osasun langileen funtzioak ordezkatu behar dituztelako, Osakidetzarekin "koordinazio falta" dagoelako.
Grebaz egiteaz gain, suhiltzaileek "euren aldarrikapenak ere eramango dituzte kalera, Tourraren etapa eta BBK Live barne", eta ez dute zerbitzua indartuko, ekitaldi jakin batzuetan egin ohi den bezala, sindikatuek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Halaber, eguneroko lan baldintzak argituko dituen barne araudia, lanpostuen balorazioa eta etengabeko eta "kalitatezko" prestakuntza eskatu dituzte suhiltzaileek.