Ekonomia -
ENPRESA
Gasteizko Michelin lantegian 2.000 tona gurpil gutxiago ekoitziko dituzte aurten "eskarien jaitsieragatik"
1.350 langileri eragingo die neurriak. Sindikatuen iritzian, azken urteotan lan-hitzarmenaren negoziazioa dela-eta izandako gatazkek multinazionalak Gasteizko plantan "konfiantza galtzea" ekarri dute, eta horren ondorio da eskaria murriztea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hemendik eta urtea amaitu arte ingeniaritza zibileko 2.000 tona gurpil gutxiago ekoitziko ditu Gasteizko Michelin lantegiak, produktu horren eskaria jaitsi egin dela argudiatuta. Gaur jakinarazi dio zuzendaritzak erabakia langileen batzordeari, eta horrek lan-antolaketan izango dituen aldaketen berri ere helarazi dio. Asteburuetako txandan utziko zaio ingeniaritza zibileko gurpilak egiteari, datorren larunbatean hasi eta abenduko zubira arte.
3.500 langile ditu Gasteizko plantak, eta horietatik 1.350i eragingo die neurri horrek. Enpresak esan duenez, urte hasieran hasi ziren eskariak jaisten, baina are gehiago egin zuten behera udaren ostean. Horregatik erabaki omen dute ekoizpena murriztea datozen hiru hilabeteotan. Turismoentzako gurpilen ekoizpena bere horretan mantendu dute.
Nolanahi ere, sindikatuek bestelako azalpenak eman dituzte. Horien arabera, Michelinen lantegi ia guztietan "gainprodukzioa" egon arren, multinazionalak Gasteizko lantegian egingo du murrizketa, planta horretan "konfiantza galdu" duelako azken urteotan izan diren lan-gatazken ondorioz.
Halaber, ELAk uste du "langileak beldurtzeko" saiakera bat egon daitekeela zuzendaritzaren erabakiaren atzean. Gasteizko egoitzako beharginek Estatu mailako zentroen arteko batzordean jarraitu edo ez bozkatuko dute datozen egunotan, eta gai horrekin lotu dute sindikatuek gaur jakinarazi dieten berria.