Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Tomas Arrietak aurreikusi du epe motzean lan-gatazken kopurua jaitsiko dela Euskadin

"Gatazka kopurua handia da oraindik, beste erkidego batzuekin alderatuta. Dena den, 2023an hobera egin dute datuek, aurreko urteetakoekin erkatuz gero. Langile gutxiagorengan izan dute eragina grebek, eta lan egun gutxiago galdu dira", esan du Lan Harremanen Kontseiluko presidente ohiak.

Lan Harremanen Kontseiluko presidente ohi Tomas Arrieta. Argazkia: EITB Media
Lan Harremanen Kontseiluko presidente ohi Tomas Arrieta
Lan Harremanen Kontseiluko presidente ohi Tomas Arrieta. Argazkia: EITB Media

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erretiroa hartu eta hurrengo egunean, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluko presidente ohi Tomas Arrieta. LHKn egindako 15 urteko ibilbideaz jardun ostean, etorkizun hurbilean lan-gatazkek Euskadin izango duten eboluzioaz aritu da, eta aurreikusi du egoerak "hobera" egingo duela.

"Normala da hautematen denaren eta errealitatearen artean arrakala egotea, baina, testuinguru orokorrago batetik begiratuta, gatazken kopurua handia da oraindik ere, beste erkidego batzuekin alderatuta. Dena den, 2023an hobera egin dute datuek, aurreko urteetakoekin erkatuz gero. Langile gutxiagorengan izan dute eragina grebek, eta lan egun gutxiago galdu dira", adierazi du. Bestalde, gogora ekarri du hitzarmen asko berritu direla azkenaldian, eta hori lagungarri dela gatazkak bukatzeko. Hortaz, epe motzera Euskadin lan-gatazken kopurua jaitsiko dela aurreikusi du.

"Gaztakak saihesteko modurik eraginkorrena akordio onak lortzea da. Horixe da, hain zuzen ere, Lan Harremanen Kontseiluan lehenesten duguna. Itun onak behar ditugu, egonkortasuna bermatzen dutelako eta hori ona delako guztiontzat", azpimarratu du.

LHKren eginkizunaz nabarmendu du iturri fidagarria izatea bilatzen dutela, alegia, "informazio jario argia sortzea". "Gaur egun hitzarmenen % 80ri eskaintzen diogu estaldura materiala", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak EAE Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Lana albisteak