Ekonomia -

LAN GATAZKA

Tuvisako langileek lanuzteei berrekingo diete astelehen honetan, Udalaren beste eskaintza bat jaso arte

Gasteizko Udalak konpromisoa hartu zuen astelehen arratsalderako beste eskaintza bat aurkezteko, hiriko autobusetako lan-gatazka "bideratzeko". Bitartean, langileek lanuzte partzialak egiten jarraituko dute, 05:00etatik 09:00etara.

Tuvisako langileen protesta Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Tuvisako langileen protesta Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Tuvisako langileen protesta Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko hiri-autobusetan zerbitzua ematen duen Tuvisako enpresa-batzordeak mobilizazioei ekingo die berriro astelehen honetan, urtarrilaren 8an, 05:00etatik 09:00etara lanuzteak eginez.

ELA eta UGT sindikatuetako hiruna ordezkari, USO, ESK eta CCOO sindikatuetako bina eta LABeko ordezkari batek osatzen duen langile batzordeak honakoak eskatzen ditu: "lineako autobusen galera saihestea, Tuvisako pribatizazioak iraultzea, lan-hitzarmen berri bat negoziatzea, benetako lanaldiaren erregistroa egotea eta ALHAOn argitaratzea alderdi sozialekin lortutako akordio guztiak". "Tuvisako langileen osasuna eta zerbitzuaren hobekuntza aldarrikatzen dugu, kalitatean zein segurtasunean", azaldu dute; izan ere, arazo larriak salatu dituzte azken hilabeteotan.

Abenduaren 5ean, langileek lanuzte partzialak hasi zituzten goizean, lau orduz, eskaera horien alde. Langileen % 100ek, sindikatuen arabera, eta % 72k, Udalaren arabera, babestu zituzten lanuzteak.

Joan den astean Udalak lehen eskaintza aurkeztu zion enpresa batzordeari, baina langileen batzarrak mobilizazioen egutegiarekin jarraitzea erabaki zuen, eskaintza hoberik jaso ezean.

Hala, lanuzteak urtarrileko astelehen, asteazken eta ostiral guztietan egingo dira, 05:00etatik 09:00etara, eta otsaileko lanegun guztietara zabalduko dira, ordutegi berean, lan-gatazka konpontzen ez bada.

Egoera konpondu ezean, martxoaren 3tik aurrera "erabateko greba mugagabea" egiteko asmoa iragarri du langileen batzordeak.

Bestalde, Tuvisako greba batzordeak manifestazioa deitu du astearte honetarako, urtarrilaren 9rako, 17:00etan, Florida kaletik Andre Maria Zuriaren plazaraino.

Gatazka bideratzeko beste eskaintza bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen Gasteizko Udalak

Joan den ostegunean, langileen ordezkariek eta enpresako zuzendaritzak bilera izan zuten Gasteizko Udalean, eta, horren ostean, Iñaki Gurtubai Tuvisako presidenteak astelehen arratsaldean enpresako langileen batzordeari "beste eskaintza bat" aurkezteko konpromisoa hartu zuen, lan-gatazka bideratzeko.

Gurtubaik azaldu zuenez, zuzendaritzak eta ordezkaritza sindikalak aurreko astean administrazioak aurkeztutako proposamenari buruz eta enpresa-batzordeak aurkeztutako kontraproposamenari buruz eztabaidatu zuten, "giro erabat adeitsuan", eta, horregatik, astelehen arratsaldean aurkeztuko duten eskaintzak gatazka bideratzea espero duela esan zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Lan gatazkak Garraio komuna gaur TUVISA