Ekonomia -

Eustaten inkesta

EAEko ostalaritzak inoizko datu onenak eskuratu zituen 2022an

Hotelak, ostatuak, jatetxeak eta tabernak barne hartzen dituen sektoreak gora egin zuen langile kopuruan, 2021ean baino % 5,5 gehiago, zein negozio zifran (% 25,7).

Taberna bateko langile bat, Donostiako terraza batean. EFE
Taberna bateko langile bat, Donostiako terraza batean.
Taberna bateko langile bat, Donostiako terraza batean. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ostalaritza sektoreak % 21,7ko hazkundea izan zuen 2022an, datuak biltzen direnetik izandako inoizko urterik onena erdietsita, Eustat Euskal Estatistika Institutuak egin duen zerbitzuen inguruko inkestaren arabera.

Sektoreak —hotelak, ostatuak, jatetxeak eta tabernak— 291,4 milioi euroko irabaziak lortu zituen urte hartan. 

Eustaten arabera, negozio zifraren bilakaera ona da emaitza "bikainon" arrazoia; % 25, 7 hazi zen, 2021ean izandako % 33,9ko igoera sendotuta. Institutuaren esanetan, 2020an covid-19 pandemiak gogor zigortutako sektorearen susperraldi argia erakusten dute datuok, urte horretan negozio-zifra ia erdira jaitsi baitzen, -% 47,4ra. Hala, 2022an 4.000 milioi euro ingurukoa izan zen negozio zifra, pandemia aurreko kopuruen (4.500 milioi euro, 2019an) azpitik, dena dela.  

Ostalaritzaren bilakaera onaren isla, enplegua % 5,5 igo zen (3.262 pertsona gehiago lanean), 62.406 lanpostura iritsi arte. Urte pandemikoetan, 2020an eta 2021ean, hurrenez hurren, % 5,6ko eta % 2,3ko murrizketak izan zituen. 

Lurraldeka, denetan egin du gora ostalaritza jarduerak, bereziki Bizkaian (% 27) eta Gipuzkoan (% 20,4); Araban apalagoa izan zen hazkundea (% 6,5). Negozio zifrak, aldiz, antzera egin zuen gora hiru lurraldeetan (% 22,4 Araban; % 25,3, Bizkaian eta % 27,5, Gipuzkoan). 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Ostatuak Eustat