Ekonomia -
Nobel Saria
Roth eta Sphapley estatubatuarrak, 2012ko Ekonomiako Nobel saridunak
Abenduaren 10ean banatuko dira Nobel Sariak, Alfref Nobelen heriotzaren urteurrenarekin bat eginez.
Erredakzioa
Alvin E. Roth eta Lloyd S. Shapley estatubatuarrek irabazi dute 2012ko Ekonomiako Nobel Saria, Suediako Zientzien Akademiak jakitera eman duenez.
Merkatu ekonomikoaren gainean egin dituzten ikerketengatik jaso dute saria, Akademiaren arabera. Sarituek horien diseinu arazoak ikertu eta diseinu berriak pentsatu zituzten, irtenbide gisa.
Sariaren irabazleek 930.000 euro jasoko dituzte, 2011n baino % 20 gutxiago. Iaz, Thomas J. Sargent eta Christopher A. Sims estatubatuarrek irabazi zuten saria.
Honenbestez, eman dira ezagutzera 2012ko Nobel Sarien irabazle guztiak. Pasa den astelehenean hasi ziren iragartzen, eta orduan 2012ko Medikuntzako Nobel Saria John B. Gurdon eta Shinya Yamanaka medikuek irabazi dutela iragarri zuten.
Asteartean, Fisikako Nobel Saria iragarri zuten, asteazkenean, Kimikakoa; Literaturakoa, ostegunean; eta Bakearen Nobel Sariaren irabazlea, ostiralean.